Erdigunera iritsi da Donostiako Aste Nagusia, eta Eneko Goia alkateak festen orain arteko balorazioa egin du. Adierazi duenez, eraso sexistek eta Urnietako gazte batek jasandako jipoiak ilundu dituzte orain arte onak izan diren festak.
"Jaiak giro oso onean, jendearen parte hartze altuarekin eta normaltasunez ospatzen ari gara", gaineratu du Goiak. Festen alde iluna ere azpimarratu du Goiak. Izan diren eraso sexistak eta emakumeen askatasunaren aurkako erasoak aipatu ditu, eta "kontuz ibiltzeko" deia egin du. Goiak gaineratu du azken egunetan nabarmen gehitu direla lapurretak, gehienbat sakelakoenak, eta herritarrei arreta mantentzeko eskatu die, gehienbat jende asko dagoen eremuetan.
Donostiako alkateak astelehen goizaldean Urnietako gazte batek jasandako erasoa ere gaitzetsi du —gizon batek jo ostean, koman dago gaztea—, eta elkartasuna helarazi die haren senitartekoei.
Aurten udalak jaia hirigunetik auzoetara zabaltzeko eginiko ahaleginarekin pozik azaldu da Goia, eta gaineratu du herritarren erantzuna "ezin hobea" dela.