Donostiako mugimendu feministak eta Donostiako Piratek elkarretaratzera deitu dute gaur arratsalderako, Aste Nagusian gertatutako sexu erasoak salatzeko.
Asteartean, emakume batek Urgull mendian gertatutako sexu eraso bat salatu zuen, eta Ertzaintza ikertzen ari da. Horrez gain, Donostiako Piratek adierazi dute hainbat dei jaso dituztela erasoak salatzeko duten telefonora, beste hainbat eraso salatzeko.
Aste Nagusia ospatzen ari dira Donostian, eta, egunotan eraso sexistarik gertatu ez zedin, kanpaina bat eta protokolo bat ezarri zuten Donostiako Udalak eta Piratek. Besteak beste, eraso sexisten kontrako informazio gune bat jarri dute Bulebarrean, kioskoaren ondoan.
Herritarrek edozein zalantza edo kezka kontsultatzeko aukera dute han. Aste Nagusiak irauten duen egun guztietan dago zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 22:30era.