Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gaur abiatuko du Aste Santuko irteera operazioa, 13:00etan. Jaurlaritzatik kalkulatu dute 491.000 joan-etorri inguru egingo direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan. Horregatik, Ertzaintzaren trafikoko 200 kidek zainduko dute zirkulazioa egunero. Horiekin batera, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak operadore gehiago jarriko ditu lanean, eta 011 telefonoaren bidez gidariei ematen zaien informazioa ere areagotu egingo du.
Trafiko operazio bereziaren irteera fasea gaur abiatuko da, eta 13:00etatik gauerdira bitartean luzatuko da. Bihar ere martxan izango da, 08:00etatik 15:00ak arte.
Itzulera fasea, berriz, hilaren 9an hasiko da, 15:00etatik gauerdira arte. Gipuzkoan, itzulera fasea hilaren 10a arte luzatuko dute, egun horretan baimenduko baita berriro ere kamioien zirkulazioa. Hortaz, astearte horretan trafiko astuna egotea espero du Jaurlaritzak.
Errepideetako informazioaren berri jasotzeko:
Nafarroako Gobernuaren webgunea
011 (Araba, Bizkai eta Gipuzkoa) eta 900 400 100 (Nafarroa) telefono zenbakien bitartez.