Epaileek 91 langileren kaleratzea baimendu ostean, manifestazioa egin dute gaur eguerdian Laminaciones Arreguiko langileek. Zuzendaritzari bideragarritasun plan "serio eta erreala" eskatu diote, eta erakunde publikoei, lan gatazkan "inplikatzeko". Hain zuzen, asteartean Jaurlaritzako ordezkariekin bilduko dira langileak. "Akordio global bat negoziatzeko borondatea dugula jakinaraziko diegu", azaldu du Nando Anguiano langile batzordeko presidenteak.
Joan den astean, Laminaciones Arreguiko langileen susmorik txarrenak bete egin ziren, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat hartu zuen haietako 91ren kaleratzea. Epaiak zioen enpresa katalanak (orain Celsa Atlantic du izena) Gasteizko eta Urbinako lantegietatik 178 langile botatzeko 2012ko ekainean aurkeztutako erregulazio espedienteak bi zati zituela. Lehenengoak 91 langileri eragiten die, eta baliozkoa iruditu zitzaion auzitegiari, kaleratze horiek egiteko arrazoi ekonomikoak justifikatutzen zituztelako Celsaren galera handiek. Beste 87 langileen kaleratzea, berriz, ez zitzaion onargarria iruditu, langileek greba hasi eta hurrengo egunean erabaki zirelako eta, hortaz, greba eskubidearen aurka zihoazelako. Gainera, onartu zuen jazarpen sindikala zegoela, kaleratuen erdia baino gehiago ELAko kide zirela.
Ebazpen horrek bete-betean egiten zuen talka EAEko Justizia Auzitegiak 2012ko urrian kaleratutako epaiarekin. Hark zioen espediente bakarra zela eta, hortaz, kaleratze guztiak bidegabeak zirela greba eskubidea bortxatu zutelako.