Azpiegiturak

Asteazkenean eta ostegunean AHTko Abadiño-Durango arteko desjabetze aktak sinatu nahi dituzte, Bilbon

AHT Gelditu! Elkarlana plataformak protestak egingo ditu hiriburuan eta Durangon.

2008ko ekainaren 23a
14:10
Entzun
AHT Gelditu! Elkarlana plataformak gaur iragarri duenez, asteazkenean eta ostegunean Abiadura Handiko Treneko (AHT Abadiño-Durango (Bizkaia) tarteko desjabetze aktak sinatu nahi dituzte Espainiako Gobernuak Bilbon daukan Ordezkaritzan.

Akten altxamendua salatzeko asmoz, AHT Gelditu! Elkarlanak ekimenak antolatu ditu. Hala, etzi elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Moyua plazan, 11:00etan hasita. Hara trenez joateko, Durangon 9:30ean elkartuko dira, Landakoako geralekuan. Ostegunean, berriz, kazerolada egingo dute, 16:30etik, Durangoko udaletxearen aurrean.

Herri batzuetan arazoak izan dituzte desjabetze aktak sinatzeko, herritarren protestengatik. Batzuetan ez dute, gainera, sinatzerik lortu.

Asteazkenerako, halaber, AHTri buruzko hitzaldi-eztabaida antolatu du Ekologistak Martxan taldeak. Bilbon izango da, Ekoetxea egoitzan, 19:30ean hasita. Goierriko (Gipuzkoa) AHT Gelditu! Elkarlanak argazki rallya antolatu du larunbaterako; Mariaratz bailaran izango da, Ordizia eta Beasain artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.