Katalunia oporretarako lekua da euskal herritar askorentzat, eta haraino beren ibilgailuetan joaten direnek AP-2 eta AP-7 ordainpeko autobideak erabili ohi dituzte, behin Zaragozara (Espainia) helduta. Bada, asteazkenetik aurrera doakoa izango da Zaragoza eta Vendrell (Katalunia) arteko AP-2 autobidea (215 kilometro), baita Mediterraneo itsasoaren albotik joanez Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen AP-7 autobideko zati bat ere, Papiol eta Jonquera artekoa (262 kilometro). Hori erabaki du Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak, autobide horien kontzesioak iraungi egin direlako eta administrazioek horiek ez berritzearen alde egin dutelako.
Horrek guztiak esan nahi du Euskal Herritik Kataluniara errepide horiek erabilita ibilgailuz joan nahi dutenek diru dezente aurreztuko dutela hemendik aurrera. BERRIAk hiru ibilbide posible aztertu ditu. Batetik, Bilbo eta Cambrils artekoa, 541 kilometrokoa: AP-68a, AP-2a eta AP-7 erabilita, gaur-gaurkoz auto batek 53,75 euro ordaintzen ditu ordainsarietan; etzitik aurrera Zaragozara arteko 33,10 euroak ordaindu beharko dira ordainpeko autobidetik joan nahi duenak. Beste ibilbide bat, Iruñea eta Lloret de Mar artekoa, 555 kilometrokoa: AP-15etik, AP-68tik, AP-2tik eta AP-7tik joanda, ordainsarietan 57,15 euro ordaindu behar dira. Asteazkenetik aurrera 19,05 euro. Eta hirugarren adibide bat, Gasteiz eta Bartzelona arteko ibilbidea, 532 kilometrokoa: AP-68a Lodosan hartuta, 46,90 euro ordaindu behar dira orain Bartzelonara iristeko; errepide berberak hartuta, hemendik aurrera ordainsarietan 13,70 euro ordaindu beharko dira.
Azken urteetan, Nafarroako A-21 autobidea eraikiz joan diren heinean, euskal herritar askok erabaki dute Kataluniara joatea, behin Jaka (Huesca, Espainia) igarota, E-7 eta A-22 autobideak erabilita. Errepide horietatik ez da zentimo bakar bat ere ordaindu behar ordainsarietan; esaterako, Iruñea eta Lleida arteko bidean.
Joan den ostiralean eman zuen ministerioak albistea, eta jakinarazi zuen AP-2a eta AP-7a doakoak bihurtuta erabiltzaileek 515 milioi euro inguru aurreztuko dituztela, egungo 13 milioi bidaiak aintzat hartzen badira.
Ordaintzeko modu bat ezarri nahian
Espainiako Gobernuak orain hiru urte erabaki zuen bere jabetzakoak diren autobideak doakoak izango direla horien kontzesioak amaitu eta gobernuaren eskuetara itzuli ahala. Horren ondorioz, Araba eta Espainia arteko autobidea doakoa da 2018ko abenduaren 1etik; orduan itxi zuten Armiñongo ordainsaria.
Baina, kontrara, orain arte doakoak izan diren autobideetan ordaintzeko modu bat ezarri nahi du Espainiako Gobernuak 2024tik aurrera, eta Garraio eta Mugikortasun Ministerioak asmo horren berri ematen duen plan bat bidali zion udaberrian EB Europako Batasunari. Moncloaren asmoa da ordaintzeko modu bat artikulatzea, hori beste alderdi politikoekin, administrazioekin eta eragile sozialekin adostu eta gero.