Anbulantzien sektorean lan egiten du Ambuiberica enpresak, eta hango langileek greba eginen dute uztailaren 20tik 27ra. Salatu dute, hain zuzen, enpresak «behin eta berriz» hautsi dituela arriskuen prebentzio arauak, eta nagusiei exijitu nahi diete Lan Ikuskaritzak emandako epaiak bete ditzatela. Ebazpenok langileen osasunarekin eta arriskuen prebentzioarekin daude lotuta. Bertzeak bertze, langileek salatu dute ez dietela ematen norbere burua babesteko ekipamendurik: «Lan Ikuskaritzak egitate horien inguruan behin eta berriz abiatu ditu txostenak eta eman ditu ebazpenak».
Koronabirusaren testuinguruan are gehiago okertu da egoera, ELAren arabera, eta lan arloko auzibideak zabaldu dituzte. Epaileak aintzat hartu ditu kexak: «Langileen alde emandako epaietan esaten da Ambuibericak lantaldearen oinarrizko eskubideak urratzen dituela, haren osotasun fisikoaren kaltetan, eta enpresari exijitzen zaio berehala aintzat hartzeko lan osasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko betebeharrak». Salatu dute, halere, enpresak ez duela bete epaiek agindutakoa.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari ere egin diote kexa, «kontratatzaile nagusia izanik hari baitagokio kontratu publikoa betearazteko ardura nagusia, baita arriskuen prebentzioari dagokionez ere». Salatu dute, ordea, Osasun Sailak ez diola enpresari epaiak betearaztea galdegin. «Paradoxa hutsa da gure osasuna zaindu behar dutenek beren langileen egoera ere aintzat ez hartzea».
Enpresak 904 langile ditu, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore horretako langileen %65 ari dira hor lanean, ELAk jakinarazi duenez. Pandemia garaian, 178 langilek hartu dute gaixo agiria, COVID-19az kutsatu direlako edota «lan kargaren ondorioz gertatu diren lesioak medio». Salatu dute, ordea, ez dela «salbuespen bat», sektore horretako arazo «endemikoa» baizik. Enpresa pribatuaren logikan aritzea leporatu diete enpresari eta Osasun Sailari, «non garrantzitsuena etekin-kostu erlazioa den, prebentzioan inbertitzea irabazia murrizten duen gastu hutsa baita».
ELAk ohartarazi du osasun neurriak ez hartzeak langileengan ez ezik erabiltzaileengan ere eragina duela: «Gu zaintzen gaituztenen osasunari muzin egiteak eragin zuzena du erabiltzaileengan».
Eskaerak Osasun Sailari
Astebeteko grebarekin eskaera jakin batzuk eginen dizkiote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari: anbulantzien kudeaketa publikoa izan dadila, osasunerako diru publikoa handitzea, langileei enplegu publiko izaera ematea, lantaldea handitzea «kalitatezko zerbitzua bermatzeko» eta murrizketak bertan behera uztea.