Udaltzaingoak jakinarazi duenez, igandeko 02:45 aldera gertatu zen erasoa, kalean. Dei bat jaso zuten udaltzainek Donibaneko San Roke kalean sexu eraso bat gertatzen ari zela jakinaraziz, eta bertara joan ziren poliziak. Han zen erasoa jasan zuen neska, 20 urtekoa, beste lagun batzuekin.
Herritarrek erasotzaileetako bat atxiki zuten udaltzainak iritsi bitartean, eta hark eman zien beste erasotzailearen deskribapen fisikoa. Auto artean ezkutatuta zegoen, gertuko kale batean. 26 urte ditu atxilotu batek, eta 21 besteak.
Joseba Asiron alkateak ohartarazi du ez daudela halako egoerak onartzeko prest, eta euren esku dagoen guztia egingo dutela, halakorik gehiago gerta ez dadin. Hala, udalak deituta elkarretaratzea egingo dute bihar eguerdian. Datorren larunbaterako ere mobilizazioak antolatu dituzte Donibane auzoko herritarrek.