Asteburuari begira, bihar atertzera egingo duela iragarri du Euskalmetek eta aterrune luzeak izango direla. Arratsaldean noizbehinka zaparrada txikiak botako ditu. Ipar eta ipar-ekialdeko haize bizia ibiliko da goizean batez ere. Hotza egingo du; maximoak nekez iritsiko dira 7 gradutara barnealdean eta 11 gradutara kostaldean. Mendi inguruetan izotz txikia egingo du. Elur maila 1.000 metrotik gora igoko da. Igandean zertxobait epelduko du eta eguneko tenperatura maximoak 10 graduren bueltan ibiliko dira barnealdean eta 12-13graduren bueltan kostaldean. Hodei asko egongo da egunean zehar eta euri txikia egingo du. Elur mailak gora egingo du, 1.300-1.500 metro inguruan ibiliko da.
Gaur egun osoan zehar egin du elurra Euskal Herriko hainbat lekutan eta ondorioz zenbait errepideetan gora-beherak izan dira. N-1ean Agurainen (Araba), Altsasun (Nafarroa) eta Etxegarateko mendatean (Gipuzkoa) egin du elurra. Nafarroan A-15 autobidean Lekunberrin eta Aralarreko San Migelen ere egin du; oraindik hamaikagarren kilometrora arte kateak behar dira eta hortik aurrera itxita dago errepidea. Gipuzkoan Deskargako mendatean, Arantzazun eta Mandubiko gainean, eta Araban Opakuan, Gasteizko mendatean, Herreran eta Bernedon ere elurra egin du errepide sare nagusiari dagokionez.
Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek Neguko Bide Zaintza plana abian jarri dute, oraingoz apirilaren 15era arte. Araban elurra kentzeko 100 makina egongo dira bideei garbi eusteko eta 200 langile. Gipuzkoako Aldundiak 10.500 tona gatz erosi ditu. Dagoeneko elurra kentzeko hamabi makina lanean ari dira Gipuzkoako errepide sarean.
Bestalde, Ertzaintzak ere martxan jarri du plana. Gauean, gainera, eurite handiak izan dira, eta ura pilatu da errepideetan. Nafarroako Gobernuak ere haizeaz eta elurraz ohartarazi du. (Ikusi Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren gertakarien mapa eta Nafarroako Gobernuaren errepideko gertakarien mapa).