Astelehenetan futbola egotea futbolzaleen gustuko ez dela jakiteko ez dago ikasketa handirik egin beharrik. Besteak beste, atzo bi pankarta zeuden Anoetan horren kritika eginez, bata Realeko zaleena eta bestea Rayo Vallecanokoena. Bada, zaleek ez, jokalariek izan zuten atzo astelehen galanta. Bai, behintzat, txuri-urdinek. Bi aldiz aurrea hartu arren, ezin izan zuten Madrilgo taldea gainditu, eta atzerapauso handia eman dute ligako laugarren postuaren lehian. Egiari zor, aspaldiko partidarik txarrena jokatu zuen Realak.
Futbolean gutxitan ikus daitekeen hasiera izan zuen partidak, lehen lau minutuak betetzerako gol bana sartuak baitzituzten Realak eta Rayo Vallecanok. Etxekoek egin zuten lehena, aurreneko minutuan bertan, geldikako jokaldi bati esker. Pardok erdiratu, eta defentsen artean burua sartuta sareetara bidali zuen baloia Iñigok. Beste behin, kasta galanta erakutsi zuen Ondarroakoak. Gol hori eginda, bazirudien sufritu beharrik ere ez zutela izango txuri-urdinek, baina azkar heldu zen madrildarren erantzuna. Ezker hegaletik egindako erdiraketa bat errematatzera zihoan Larrivey, eta Jose Angel lurrera bota zuen bultzakada batekin. Epaileak penaltia adierazi zuen, eta argentinarrak berak ez zuen hutsik egin Eñauten aurrean.
Hortik aurrera elkarren miran aritu ziren bi taldeak. Elustondo, Pardo eta batez ere Prieto ez ziren agertu ere egin jokoan, eta Rayok eroso joka zezan eragin zuen horrek. Dena den, ez zuen aparteko arriskurik eraman Eñauten ate aurrera. Areago, Reala izan zen aukerarik garbienak izan zituena. 12. minutuan, besteak beste, Vela gola egiteko zorian izan zen. Baita 21.ean ere, baina bi jokaldietan gehiegi gurutzatu zuen baloia. Lehen zatiko aukerarik garbiena, dena den, 30. minutuan izan zuen mexikarrak. Bakarrik geratu zen Rubenen aurrean, eta huts egin zuen eskuinarekin.
Aukera horrek indarra eman zion etxeko taldeari, eta atsedenaldia heldu bitarte aginte makila izan zuen. Halaxe heldu zen bigarren gola, Pardoren eskutik, 45. minutuan. Areaz kanpo baloia hartu, ezkerrez jaurti, eta zortea lagun, 2-1ekoa egin zuen errioxarrak. Baloiak Rayoko jokalari bati jo zion, eta sareetarako bidea hartu zuen.
Aldaketek fruiturik ez
Gol psikologikoa izan zitekeen hori, baina ez. Atzo ez zen hala gertatu. Izan ere, bigarren zatia hasi orduko binakoa egin zuen Rayok. Zalduak baloi txarra galdu zuen hegalean, madrildarrek erdiratu, eta Eñauten urruntze eskasa baliatuta gola egin zuen Buenok. Akatsa garesti ordaindu zuten etxekoek. Gol horrek min handia egin zien txuri-urdinei. Presioan berandu ibili ziren, eta Rayo gero eta gusturago sentitu zen zelaian. Griezmann eta Canales zelairatu zituen Arrasatek taldea piztu nahian, baina alferrik. Bisitariek 2-3koa egin zuten 67. minutuan. Rochinak gol aparta egin zuen, ongi jositako jokaldi bati esker. Azken minutuetan ahalegindu zen Reala berdinketa lortzen, baina atzo ezkerreko hankarekin esnatu zen.
Kontuak hala, seigarren postuan jarraituko dute donostiarrek, laugarren postutik zortzi puntura. Ametsa gehiago urrundu ez dadin, igandean ezin dute hutsik egin Valentziaren aurka.