Santomasak

Astelehenaz igande egitea

Jendetza erakarri dute santomasek Bilbora, eta beteta egon dira egun osoz Areatza eta Plaza Barriaren inguruko kaleak. Ospakizunerako hautatutako egunaren inguruan eztabaida izan den arren, azkenean, hirurehun salmenta postu inguru izan ditu 67. azokak.

Jendetza bildu da gaur Donostian. ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2014ko abenduaren 22a
18:58
Entzun

Likidoa da batzuetan egutegia. Bai Bilbon, behintzat: igande zena larunbat bilakatu zuten lehenik, baina, azkenean, larunbata astelehen bihurtzea lortu zuen saltzaile eta dendarien ezinegonak. Nonbait, ez zuten iganderako edo larunbaterako egoki ikusten San Tomas eguna, eta astelehenera eramatea erabaki zuten azkenean. Horregatik ospatu zuten bilbotarrek atzo Euskal Herriko gainontzeko txokoetan igandean ospatutako San Tomas eguna. Egun ofizialaren biharamunean, alegia. Lortu zuten, ordea, astegunaz jaiegun egitea, eta goizean goizetik jendetza bildu zen Plaza Barrian eta Areatzan jarritako ia 300 postuetara. Eguzkia ere lagun izan zuten astelehena are igandeago bihurtzeko.

Jendetza zebilen postu batetik bestera goiz-goizetik. Salmahaiei begira ia guztiak, tentatuta gehien-gehienak, erosketak egiten batzuk, eta txapela, abarka eta baserritar soinekoak jantzita asko. Postuetan dena txistor, piper, tomate, solomo, ogi, ardo eta babarrun, eta postuen inguruan dena musika, edari eta dantza. Festaren erdigunetik egin zuen Gontzal Aparicio bilbotarrak festaren deskribapena. «Giroa oso ona da, eguraldia ere alde, eta jantzita etortzea gustatzen zait. Ikastolarekin Olentzero ospatzeko jantzi nuen, gaur ere jantzi dut eta Gabonetan ere jantzi beharko dut ba!». Lotsatiago-edo Berta Zabaleta, umearekin paseoan bera ere, baina kaleko arropaz. «Oso giro polita izaten da santomasetan, eta umea janzten dugu, baina ni neu ez naiz janzten. Nahikoa daukagu haiek janztearekin!».

Haserre tanta bat ere bai, halere, festaren erdian. «Kasik Artxandaraino bidali gaituzte eta!». Erroskilagileena izan zen kexua. Udaletxetik gertu jarri ditu aurten udalak: Plaza Barritik eta jende gehien biltzen duten guneetatik urrun denak, eta bata bestearen alboan guztiak. Horregatik zegoen saltzaile bat amorratuta. «Urte mordoa daramagu etortzen, eta lehen aldia da hau egiten digutena». Festarako hautatutako egunarekin ere, gustura ez. Igandea baino nahiago zuen larunbata berak. «Jende gehiago ibiltzen da asteburuan, nire ustez». Eli Mingunza gazta saltzailea konforme, ordea, aldaketarekin. «Zapatuan jende gehiago ibiltzen da, baina saltzeko asteguna hobea da». Igarri du aldaketarik azken urteetan, halere. «Nik ikusten dut gero eta gehiago jendeak jai moduan hartzen duela, folklore moduan, eta ez dira konturatzen gu etortzen garela hona saltzera gure produktuak, eta nondik gatozen azaltzera».

Bikoitza da, izan ere, festa, eta badu malabarismo puntu bat kontuak. Urterokoa da irudia: jendetza artean doa bikotea, orekan ezker eskuko taloa eta eskuin eskuko sagardoa, eta buruan txapela irmo. Horren gisako beste bi argazki ere bai atzo. Bat: egunerako dotore jantzitako andre kuadrilla bat eskaileretan, txistor taloari kosk egin, eta txistor tantei dotore ihesean. Eta bi: oharkabean mutil gazte baten bultzada jaso duen 70 bat urteko gizona oreka galduta. «Barkatu», mutilak desenkusa, eta begirada azkar batez taloa eskuan osorik duela ziurtatu ostean —eta ez lehenago— gizonak irribarre: «Lasai». Eguerdiko talka ere irudika zezakeen pasadizoak: adineko jendea zen nagusi goizean, eta gero eta nabarmenago bilakatuz zihoan gazteen presentzia eguna iluntzen joan ahala. Gune berean santomasetako azoka eta santomasetako festa.

Mingain festa

Kalean beste igartzen zen mingainetan atzoko festaren garrantzia. Metro koadroko euskalki sorta entzuten zen Areatzan eta Plaza Barrian. «Herri askotako jendea etortzen da Bilbora, eta oso egun polita izaten da». Pozik giroarekin Aratz Etxabe eta Joana Etxebarria bilbotarrak. «Guri ongi etorri zaigu egun aldaketa. Gu bertakoak gara, eta azoka asteburuz egin balitz, jende lar etorriko zen». Kuadrillaren urteroko zita bihurtu dute eguna Niko Mendizabalek eta lagunek, eta horregatik ziren atzo Bilbon. Laredon pasatzen dute uda elkarrekin (Kantabria, Espainia), eta lau urte daramatzate santomasetan elkartzen. «Beti janzten ditugu txapelak eta halakoak». Handik ez urrun, taloari koska egiten Aingeru Mintegi eta Garazi Mimentza. «Gozoak daude, agian, beste egunetan baino garestiago, baina egun bat da, eta merezi du».

Txapelpetik mintzo Jon Urbieta. «Aspaldikoa da azoka, eta urtero etortzen naiz». Hogei urte daramatza urtero Sestaotik Bilborako bidea egiten, eta atzokoa ez zen izan salbuespena. «Ohitura bihurtu zait bisita. Postuak eta giroa ikustera etortzen naiz».

Euskaraz abesten duten taldeen musika bozgorailuetatik, jendetza kalean, eta aizkolariak lanean Urbietaren atzealdean. Dzast. Kolpez kolpe. Dzast. Aizkorarekin dabilen Aritz Irazabal anaiari begira Aimar Irazabal. Dzast. Lehia irabazi ez, baina, halere, bikoitza izan zen haren festa atzo. «Goizean, saioa; saioaren ostean, etxera bazkaltzera, eta bazkalostean, festan». Igande-pasa, alegia, astelehenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.