Atzo arratsaldean epailearengana eraman eta prozedura judizialak burutu ostean, bart goizaldean sartu dute Basauriko kartzelan (Bizkaia) astelehenean emazte ohia labanaz hil izana leporatzen dioten gizonezkoa. Bilboko Fernandez Campo kalean gertatu zen hilketa, arratsaldeko lau eta erdiak inguruan: labanaz eraso zion gizonezkoak emazte ohiari. 38 urte ditu gizonak; 36 zituen andreak, eta hiru seme-alaba zituzten.
Hilketa honek genero indarkeria jasaten duten andreen babesari buruzko eztabaida piztu du. Izan ere, andreak salaketa jarria zuen gizonaren kontra tratu txarrak ematen zizkiolako, eta urruntze agindupean zegoen gizonezkoa. Hala ere, agindu hori hautsi eta jazarri egiten zitzaiola adierazia zuen andreak. Hala ere ez zela babes neurri berezirik hartu salatu dute azken orduetan hildako emakumearen senideek eta elkarte feministek.