politika

Astelehenean etorriko da Euskal Herrira lehen aldiz nazioarteko harreman taldea

"Lan bilera bat egingo du taldeak, Euskal Herrian normalizazio politikoa azkartzeko, errazteko eta ahalbidetzeko zeregina prestatzeko", dio Lokarrik bidalitako oharrak. Asteartean prentsaurrekoa emango du taldeak.

2011ko otsailaren 10a
17:25
Entzun
Brian Currin hegoafrikar abokatuak bultzatuta Euskal Herriko bake eta normalizazio politikoaren prozesurako lan egingo duen nazioarteko harreman taldea astelehenean etorriko da hona aurreneko aldiz, Currinek berak Paul Rios Lokarri herritar sareko koordinatzailearen bidez gaur arratsaldean jakinarazi duenez.

Bost lagunek osatzen dute taldea -izenen berri ez dute eman oraindik-, eta asteartera arte izango dira Euskal Herrian; prentsaurrekoa emango dute orduan. "Lan bilera bat egingo du taldeak, Euskal Herrian normalizazio politikoa azkartzeko, errazteko eta ahalbidetzeko zeregina prestatzeko", dio Lokarrik bidalitako oharrak.

ETAk urtarrilaren 10ean eman zuen su-etena -iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria-, eta Currinek oso positibotzat jo zuen erakunde armatuaren agiria.

Abokatuak berak sustatuta iazko martxoan Bruselako Adierazpena aurkeztu zen. Gatazken konponbide prozesuetan parte hartu izan duten hogei lagunek sinatu zuten Bruselako idatzia, eta orduan bertan azpimarratu zuten ezker abertzaleak "bide politiko eta demokratikoen alde" egindako apustu berria. ETAri eskatu zioten su-eten iraunkor eta egiaztagarria emateko, eta Espainiako Gobernuari "behar bezala" erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.