Atxiloketak

Astelehenean Gipuzkoan atxilotutakoak espetxeratzeko agindu du epaileak

Juan Mari Mariezkurrena, Euri Albisuri, Josune Baldari eta Jose Camachori ETAri laguntza ematea leporatu die. Azken hori ospitalera eraman dute gaur.

2010eko otsailaren 19a
16:21
Entzun
Astelehenean Gipuzkoan egindako polizia operazioan atxilotutakoak espetxeratzeko agindua eman du Ismael Moreno epaileak. Juan Mari Mariezkurrenari, Euri Albisuri, Josune Baldari eta Jose Camachori ETAri laguntza ematea leporatu die epaileak, Efe berri agentzia espainiarraren arabera. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, atxilotuetako bat, Camacho, ospitaleratu egin dute gaur, baina ez dute bere egoeraren berririk. EITBko iturriek diotenez, Moreno ospitalera bertaratu da Camachori deklarazioa hartzera, baina hark uko egin dio horri. Laurak inkomunikatuta pasa dira epailearen aurretik.

Astelehenean atxilotu zituzten lau lagun horiek Ibai Beobideri aterbea eta laguntza ematea leporatuta. Camacho eta Balda senar-emazteak eta Mariezkurrena Hernanin atzeman zituen Guardia Zibilak, eta Albisu, berriz, Seguran.Beobide larunbatean atxilotu zuen Guardia Zibilak Asteasu eta Villabona artean bizikletan zihoala, ETAko kide izatea egotzita. Atzo espetxeratu zuten.

Beobidek inkomunikatuta egon den garaian torturatu egin dutela salatu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.