Lehenbailehen egin nahi du Urkulluk bilera erronda, eta astelehenean jarriko da horiek lotzeko lanean. Krisiari aurre egiteko egonkortasun plana adostu nahi du Eusko Legebiltzarreko alderdiekin, erantzun hobea emate aldera. Gaur esan duenez, konfrontazioa alde batera utzi nahi du, hitzartzea lortzeko: "Hori da atzo legebiltzarrean aurkeztu nuen proposamenaren zentzua; sei konpromiso hitzartzeko, konpromiso instituzionala josteko deia aldundi eta udalei".
Urkulluk azpimarratu egin du garaiak duen zailtasuna, baina harro agertu da, hala ere, "behar handiena dutenei, gehien behar dutenei" erreparatzen ari zaielako. "Dena kritikatu daiteke, baina inork ezin du uka Eusko Jaurlaritzaren jardunak duen lehentasun soziala". Defizitaren muga igotzeak dakarren gastu ahalmena ekonomia pizteko eta enpleguarekin elkartasun funts bat sortzeko erabiltzeko konpromisoa hartu dutela nabarmendu du.