Urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra bitartean egongo da zabalik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Haur eta Lehen Hezkuntzarako aurrematrikulazio kanpaina. Hezkuntza.net helbidean egin nahi dutenek egun bat gutxiago izango dute, otsailaren 8ra arte. Goizean aurkeztu du kanpaina Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Handitzen, handitzen... mundua eskura izateko da aurtengo leloa.
20.000 ikasle berri inguru sartuko dira hezkuntza sistemara estreinakoz. Uriarteren arabera, erabaki garrantzitsua hartu behar dute familiek, hizkuntza eredua eta ikastetxea aukeratzerakoan. Horregatik, gurasoentzako sortutako webgunean aurten ikastetxe bakoitzaren inguruko informazio zabala ipini dutela esan du.
Aurtengo berrikuntza eskaintza baino eskaera handiagoa dagoen ikastetxeen kasuetan ematen den puntuazioan dago. Irizpide batzuk erabiltzen dira. Aurrenekoz, familia harrera izatea kontuan hartuko da, eta egoera horretan daudenek puntu bat jasoko dute. Beste irizpide batzuetan puntuak aldatu dira. Adibidez, familia errentagatiko puntuazioa hirutik 1.5era jaitsi dute, "familiek hala eskatuta". Bizilekuari dagokionez ere, aldaketak izango dira. Orain arte bezala, ikastetxearen eragin eremuan bizi direnek bost puntu jasoko dituzte, eta bi mugakide direnek. Aurrerantzean Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi baina zona horietan erroldatuta ez daudenek puntu erdi jasoko dute. Uriartek esan du eskola aukeratzean lehentasuna izateko errolda faltsuen kasuek behera egin dutela Hezkuntza Saila kontrolak egiten hasi zenetik.