Astelehenean osatuko dute bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea Eusko Legebiltzarrean

09:30etik aurrera Arantza Quiroga legebiltzarreko presidenteak emango du taldearen osaketaren berri.

2012ko apirilaren 19a
19:08
Entzun

Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea astelehenean osatuko dute, 09:30etik aurrera. Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak gaur baieztatu duenez, hark emango du astelehenean lantaldearen osaketaren berri.

Eusko Legebiltzarrak martxoaren 30ean erabaki zuen bakerako eta elkarbizitzarako lantalde "irekia" osatzea, EAJ, PSE-EE, PP, Ezker Anitza eta Aralarren hiru legebiltzarkideren babesarekin.

Gaur Europa Press berri agentziak esan du honako ordezkari hauek izango dituztela Legebiltzarreko alderdiek lantaldean: Joseba Egibar (EAJ), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Anton Danborenea (PP), Aintzane Ezenarro (Aralar) eta Mikel Arana (IU-Ezker Anitza). UPDk eta EAk aurka bozkatu zuten, eta ez dute parte hartuko.

Iturri beren arabera, itxura batean lantaldeak ez du presidenterik izango, Legebiltzarrean sortu diren beste lantalde batzuetan gertatu den bezala.

Aralarreko legebiltzarkideen artean, Dani Maeztu legebiltzarkideak batzorde txostengilearen aurka bozkatu zuen; Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek, berriz, alde bozkatu zuten, eta Aralarrek haien jokaera gaitzetsi zuen.

Lantaldean parte hartzen dutenek datozen egunetan erabakiko dute taldeak nola funtzionatuko duen, zeintzuk izango diren haren lehentasunak eta noiz egingo dituzten agerraldiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.