Atzo iluntzean aurreratu zuen ostalaritza sektoreak, eta, baieztapen ofizialaren esperoan, astelehenean ireki ahalko dituzte Nafarroako tabernetako barrualdeak. Sektoreko iturriek adierazitakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi berri die aurtengo martxoko baldintza berberetan zabaldu ahalko dituztela hilaren 17an tabernetako ateak: gehienez %30eko edukierarekin, eserita kontsumitzeko moduan eta mahaien artean gutxienez bi metroko distantzia utzita. Mahai bakoitzean, gehienez, sei lagun egon ahalko dira. Hala ere, %50eko edukiera izateko aukera izango dute ostalariek, baldin eta lokaletan CO2 neurgailuak jarri eta bezeroen jarraipena egiteko datuak jasotzen badituzte.
Oraingo asteko astelehenetik zegoen airean hilaren 17an herrialdeko ostalaritzako barnealdeak zabaltzeko aukera. Zenbait hedabidek aurreratu dute CO2 neurgailuak ezartzea ezinbestekoa izango dela lokaletan, barrualdeen zabalera datorren astelehenera «aurreratu» nahi badute. Azken datuen arabera, ordea, hori lokalen edukiera handitu nahi duten ostatuetan baino ez da izango derrigorrezkoa. Gobernuak oraindik ez du neurri zehatzik aurreratu, eta «sektorearekin eztabaidatzen» dabilela adierazi du gaur bertan Javier Remirez gobernuko lehendakariorde eta bozeramaileak. Hala ere, aurreratu du maiatzaren 9an onartutako foru dekretua hilaren 20an amaituko dela, eta 21ean neurri berriak iragarriko dituztela ostalaritzaren sektorerako, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiari egokituta.
Izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Nafarroako Gobernuak proposatutako etxeratze agindua eta terrazetako ordutegi murrizketa. Berez, gaueko 22:00etan ezarri zuen Txibiteren gobernuak terrazetako itxiera ordua, baina auzitegiak atzera bota du neurria, eta goizaldeko ordu bata arte egon ahalko dira irekita: baina 24:00etatik aurrera ezingo dute bezero berririk zerbitzatu. Ordutegi hori ezingo du gobernuak mugatu: udalek izango dute horretarako eskumena soilik, bertako araudiak ordutegia gehiago murrizten badu.