Astelehenera arte bertan behera utzi dute '18/98 auziaren' epaiketa

Erredakzioa
2006ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Datorren astelehenera arte 18/98 auziaren epaiketa bertan behera uztea erabaki zuen atzo epaimahaiak. Goizeko auzi saioan hiru lekukok deklaratu ostean, adituen deklarazio hartzeekin hasi nahi zuen epaimahaiak. Baina deklaratzeke geratzen diren lekuko guztiek amaitu artean adituekin ez hasteko eskaera egin zuen defentsak, eta epaimahaiak onartu egin zuen. Astelehenean deklaratuko dute azken hiru lekukoek, eta perituen txandari ekingo diote gero Casa de Campoko areto berezian.

Atzoko auzi saioan hiru lekukok dekaratu zuten: Aureli Argemi Kataluniako CIEMEN elkarteko lehendakariak, Maite Ubiria Gara-ko kazetariak eta Jokin Etxebarria preso egondakoak; azken biek bideo konferentziaz. Xakiren aurkako auziari lotuta atxilotu zuen Ubiria Guardia Zibilak, baina gerora ez zuten auzipetu. Inkomunikazio garaian torturatu egin zutela salatu zuen atzoko saioan. Xakiko kide izan zela ere azaldu zuen, eta elkartearen helburua Euskal Herriaren egoeraren berri munduan zabaltzea zela. ETArekin inolako zerikusirik zuela ukatu zuen Ubiriak. Jokin Etxebarriak ere ukatu egin zuen fiskalak dioen moduan Elena Beloki eta Mikel Egibar auzipetuak ezagutzen zituela.

Azkenik, Argemik lehendakari den elkartearen zeregina azaldu zuen; gutxiengo etnikoen eta estaturik gabeko nazioen eskubideen aldeko elkartea izanik, zeregin horretan CIEMENek Batasuneko kideekin «harreman normalak», beste taldeekin dituen modukoak izan zituela azaldu zuen Argemik.

LAU LEKUKO ASTELEHENEAN. Azken lau lekukoen deklarazio hartzeekin ekingo diote datorren astelehenean 18/98 auziaren epaiketari. Irlandako Sinn Fein alderdi errepublikanoko Alex Maskey eta Bairbre de Bruin ariko dira azalpenak ematen epaimahaiaren aurrean, 10:00etatik aurrera. San Tegidio Komunitateko buruetako batek ere, Matteo Zuppik,deklaratuko du lekuko modura. Euren zereginak zirela eta, ezinezko zuten aste honetan Madrilen izatea.

Azkenik, defentsak eskatuta, Itziar Aizpuruak ere astelehenean lekuko gisa deklaratzea onartu zuen atzo epaimahaiak.

Azken lau lagun horiek amaiera emango diote lekukoen deklarazio aldiari. Eguerdirako, berriz, fiskalak proposatutako perituak deklaratzen hastea aurreikusita dago. Espainiako Poliziako 18 kide, 11 guardia zibil eta ertzain bat proposatu zituen peritu gisa akusazioak epaiketa hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.