Duela bi asteko argazkia errepikatu da Bilbon. Ainhoa Etxaide, Unai Sordo eta Raul Arza LAB, CCOO eta UGTko idazkari nagusiak elkarrekin hizketan. Igandean amaituko da epea berritu gabeko hitzarmenak negoziatzeko; horregatik, “oraindik" denbora badagoela azpimarratu du Etxaidek. Baina, horretarako, patronalari jarrera aldatzeko eskaera egin dute sindikatuetako ordezkariek. “Akordio faltak ekar litzakeen ondorio negatiboek nahikoa izan beharko lukete ados jartzeko”, esan du Arzak. Hain zuzen, sektoreko hitzarmenik ez izateak euskal ekonomiari “era negatiboan” eragingo diola adierazi du Etxaidek, “langileak txirotuz”.
Hori salatzeko, lau orduko lanuzteak egin dituzte langileek hitzarmena lortzeko borrokan ari diren sektoreetan. Sindikatuek oraindik ez dute baloraziorik egin mobilizazioak izan duen jarraipenaren inguruan. Hala ere, Gasteiz, Donostia eta Bilbon manifestazioak egin dituzte, eta Bizkaiko hiriburuan milaka langile bildu dira Arriaga antzokiaren parean. Bertan, hitzarmenak egoeraren irtenbidea direla aldarrikatu dute. Hain zuzen ere, Sordok deia egin die langileei: “Beharrezkoa da enpresaren esparruan antolatzea”. Izan ere, hitzarmenik gabeko esparru batean gatazka areagotu egingo dela uste du, eta horretarako beharrezkoak izango dira sindikalizatutako lan eremuak.
Lan hitzarmenak berritzeko epea igandean amaituko bada ere, sindikatu eta langileek Confebaski ohartarazpena egin diote: “Astelehenetik aurrera gatazka areagotu egingo da. Patronala horren jakitun ez bada, inozo hutsak dira!”.