Nerea Zusberro. Astigarragako Zinegotzia

"Astigartarrek erabakiko dute atez ateko sistemarekin jarraitu edo ez"

Eider Goenaga Lizaso.
2015eko urriaren 2a
10:25
Entzun

Hondakinen bilketari buruzko galdeketa prestatzen ari dira Astigarragan, eta atez atekoaren alternatiba izango litzatekeen sistema adostea da parte hartze prozesuaren egitekoa. EAJren aukera txipa duen bosgarren edukiontzia jartzea litzatekeela dio Nerea Zusberro zinegotziak (Astigarraga, 1992), baina erabakia astigartarrena izango dela. 2016aren hasieran egin nahiko lukete galdeketa.

Hauteskunde programan agindu zenuten galdeketa egingo zenutela atez ateko sistemaren inguruan. Horretan ari zarete?

Bai, 2013ko apirilean jarri zen martxan atez atekoa; baina inposatu egin zuten; jende askok kontra egin arren eta galdeketa egiteko eskatu arren, Bilduk inposatu egin zuen. Horregatik, EAJren hauteskunde programan jartzen zuen gure asmoa galdeketa egitea zela, ez sistema aldatzea, baizik eta herritarrei erabakitzeko aukera ematea. Orain jada jendeak badaki nolakoa den atez ateko sistema, probatu dute, eta orain aukeratu ahal izango dute.

Eta kontsulta prestatzeari ekin diozue.

Bai, irailaren 7an egin genuen lehen bilera. Eztabaida zabaltzea eta, parte hartze mahaiak eginez, ahalik eta jende gehienarengana heltzea da helburua, eta denen artean erabakitzea. Orain galdera zehaztu behar da; gobernuari galdeketa egiteko baimena eskatzeko, lehenengo pausoa galdera zein izango den erabakitzea baita.

Zein da zuen planteamendua?

Gure asmoa, hasiera batean, atez atekoari buruz galdetzea zen; alegia, "Atez atekoa bai ala ez?" galdetzea. Baina, EH Bilduk proposatu zigun gure jarrera argitzeko, eta galderan alternatiba zein izango den planteatzeko; galdera mugatua eta zehatzagoa izatea. Guk baietz esan genien, eta orain horretan ari gara.

Gure helburua da jendeari azaltzea zein aukera dauden, aukera bakoitzak zein ezaugarri dituen, nolako emaitzak espero daitezkeen, eta, jendeak informazioa duenean, sistema alternatibo bat erabaki eta galdeketara eramatea.

Eta zein da EAJren aukera?

Printzipioz, gure aukera bosgarren edukiontzia jartzea da, edukiontzi marroia, txiparekin, jasotzen den materia organikoa kalitatezkoa izan dadin. Halere, eztabaida irekita daukagu, hain zuzen ere jendeak erabakitzea nahi dugulako. Bestalde, argi daukagu galderak ahalik eta sinpleena, argiena eta garbiena izan behar duela.

Joan den ostiralean egin zenuten azken parte-hartze mahaia. Zer erabaki zenuten han?

Hiru txosten eskatzea erabaki genuen: txosten tekniko-ekonomikoa San Marko mankomunitateari eskatu diogu; udaletxean beste txosten ekonomiko bat landuko da, sistema bakoitzak udalari ekarriko liokeen kostua aztertzeko, guk uste baitugu bosgarren edukiontziarekin dirua aurreztuko litzatekeela; eta hirugarren txostena izango litzateke ingurumenari begirakoa, udal teknikariak landuko duena, eta Europak 2020rako jarri dituen helburuei erreparatuko diena. Uste dugu hiru txosten horiekin informazio osatua izango dutela herritarrek.

Noiz litzateke galdeketa?

Zaila da zehaztea. Espainiako Gobernuari eskatu behar zaio galdeketa egiteko baimena, eta, tartean hauteskundeak daudenez, kontua guk nahi baino gehiago atzera daiteke. Baina gure asmoa urtarril-otsail partean egitea da. Halere, guretzat garrantzitsuena da astigartarrek jakitea galdeketa egin egingo dela, eta beraiek erabakitzen dutena bete egingo dela. Atez atekoa ateratzen bada, eutsi egingo diogu; eta, beste sistemaren aldeko botoa ematen badute, aldatuko da. Konpromiso garbia dugu: astigartarrek erabakiko dute atez atekoarekin jarraitu behar dugun edo ez. Guk haien agindua beteko dugu, emaitza edozein dela ere.

%84ko birziklatze tasa du Astigarragak. Horri eustea izango da helburu, ezta?

Bai, bai, noski. Zegaman, Aian eta Azpeitian, adibidez, birziklatze tasa oso onak izan dira txipa duten edukiontziak erabilita. Zegaman %82ra iritsi dira, eta horra iritsi nahiko genuke. Azken finean, jendea heldua da; badaki birziklatu behar dugula... Espero dut lortuko dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.