AstraZenecaren lehen dosia hartutako 60 urtetik gorakoek asteon eta datozen egunotan izango dute bigarren dosia hartzeko hitzordua, eta Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak erabaki bat hartu du horren nondik norakoez: lehen dosiko botika bera jasoko dute bigarrenean ere, lehenengotik hamabi asteren buruan. Adin horretatik beherakoei, ordea, bigarren dosia Pfizerrena emateko gomendioa egin zien batzordeak, AstraZenecari lotutako zenbait odolbilduren kasuen harira. Irizpide aldaketa adinarengatik izan da, hain zuzen ere, arriskuak berdinak ez direla argudiatuta.
Erabakia hartzeko orduan Karlos III.a Ospitaleak abiatutako CombiVacs ikerketa erabili dute oinarri bezala. Ikerketa horretatik abiatuta, hain zuzen ere, hartu zuen erabakia Osasun Ministerioak 60 urtetik beherakoei Pfizerren txertoak jartzea bigarren dosian, odolbilduen arriskuagatik. Autonomia erkidegoen presioak ekarri zuen AstraZenecaren bigarren dosia baimentzea, baina Pfizerren hartzeko gomendioa eginez, betiere. 60 urteak ditu mugarri, ordea, neurri horrek:«60 eta 69 urte artean txertoaren ondorioz egondako odolbilduen ebidentzia zientifikoa 60 urtetik beherakoena baino askoz txikiagoa baita».
Txertaketa plangintzan aldaketa suposatu du erabaki berriak: izan ere, orain arte Espainiako Osasun Ministerioak ez zion atea itxi guztiz Pfizerren bigarren dosiari, AstraZenecak hitz emandako dosi kopurua bidaliko ez baluke txertatuei irtenbide bat emateko.
Ipar Euskal Herriko kasuan, 55 urtetan jarri du muga Frantziako Gobernuak. Adin horretatik beherakoek, AstraZenecaren lehen dosia jaso bazuten, Pfizerren edo Modernaren dosiak jaso dituzte. Hortik gorakoen adin tartean, aldiz, AstraZeneca jasoko dute.