AstraZenecarekin txertatutako emakume bat ospitaleratu dute Gasteizen, koma induzituarekin

Osasun Sailaren arabera, Farmakozaintza Sareari jakinarazi diote gertaera, «txertaketarekin lotutako gertakari kaltegarrien susmoak» daudelako.

AstraZenecarekin txertatu eta egun gutxiera sentitu zen ondoezik. BIENVENIDO VELASCO
2021eko apirilaren 28a
09:42
Entzun

Lehen irudipenen arabera, AstraZeneca txertoarekin lotura izan dezake emakumearen ospitaleratzeak: odolbildu batekin ospitaleratu dute Gasteizen, eta AstraZenecarekin txertatu zuten duela gutxi. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, Farmakozaintza sareari eman diote gertaeraren berri, «txertaketarekin lotutako gertakari kaltegarrien susmoak» daudelako. Hala, ikerketa bat abiaraziko dute gertaeraren inguruan, eta txertaketaren eta odolbilduaren artean loturarik ote dagoen edo ez aztertuko dute. Une honetan, koma induzituan dago emakume hori, baina medikuak baikor mintzatu dira haren bilakaeraren inguruan.

Ospitaleratu duten gaixoak 57 urte ditu, aurretiazko patologiak ditu, eta Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan lan egiten du. Duela hainbat egun txertatu zuten AstraZenecaren txertoarekin. Txerto hori hartu eta hainbat egunen ostean, gaizki sentitzen hasi zela adierazi zuen emakumeak, ondoezik sentitzen zela, eta une horretan ezustean jausi zen lurrera. Une hartatik bertatik, Gasteizko Santiago ospitalean dago, zainketa intentsiboetako unitatean.

Txertaketaren eta odolbilduaren artean egon daitekeen lotura frogatuko balitz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzematen den lehena izango litzateke. Nafarroan, kasurako, Iruñean lan egiten zuen Espainiako armadako militar bat hil zen joan den astean, buruan odolbildu bat izan ostean. Hil baino hamasei egun lehenago txertatu zuten AstraZenecarekin. Ikertzen ari dira kasu hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.