Dosi bat baino gehiago behar dira COVID-19aren aurka immunizatzeko merkatuan dauden txerto gehienekin. Txerto klaseak nahasten badira zer gertatzen den: hortxe orain airean dauden itaunetako bat. Lehengo astean Oxfordeko Unibertsitateko ikerketa talde batek plazaratu zuen azterlan batek adierazi zuen txerto diferenteak jarrita handitu egiten direla ondorio kaltegarriak. Gaur jakin da, ordea, Espainiako Karlos III.a institutuak bideratutako CombivacS ikerketan bestelako ondorio bat atera dutela: AstraZeneca etxearen txertoaren ostean Pfizerrena hartuta zer gertatzen den aztertu dute, eta ondorioztatu dute erantzun immunitarioa hobetu egiten dela horrela. Nabarmendu dute hori lortzen dela, gainera, segurtasunaren gaineko ondorio txarrik gabe: ez dute ikusi era horretan txertoen ondorio kaltegarriak handitzen direnik. 678 boluntariok parte hartu dute bi txertoak nahastu dituen ikerketan.
Ikerketa horren gaineko albistea justu gaur iritsi da, noiz eta Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak erabaki behar duenean zer egin AstraZenecaren txertoaren lehen dosia hartu duten eta bigarrena hartu ezinik daudenekin. Hasieran, gazteei ere eman zitzaien txerto hori, baina gero tronbo kasu batzuekin lotuta egon zitekeela zabaldu zen, eta 60-70 urte artekoei bakarrik ematea erabaki zen, adin tarte horretan arriskua txikiagoa zela ondorioztatuta. EMA Sendagaien Europako Agentziak esana du gazteagoei ere AstraZeneca txertoa emateko eragozpenik ez dagoela, baina Espainiako osasun agintariak atzeratzen ari dira horren gaineko erabakia, eta, bitartean, txertoaren bigarren dosia hartzeko zain daude milaka pertsona.