Bihar beteko dira 30 urte Lasa eta Zabala bahitu zituztenetik. Lasaren arrebak Radio Euskadin esan du Enrique Rodriguez Galindo berriki baldintzapean aske utzi izanak mindu egin duela. "Gogoratu nintzen espetxean egon beharko ez luketen guztiez, gaixotasun sendaezina izan eta kartzelan jarraitzen dutenez". Haren hitzetan, giza eskubideak urratu egiten dira 30 urte geroago ere.
Nabarmendu nahi izan du, baina, ETAren biktimen mina dagoen moduan orain "beste aldean ere" mina badagoela "sinesten hasi" dela. "Biktimak beti bi bandotan jarri gaituzte, baina bestearen mina entzuten dugunean, norberaren minarekin nahasten da, eta zerbait bihozbera suertatzen da, batasun bat, enpatia oso indartsu bat".
Euskadi Irratian, gainera, Joxi Zabalaren ama elkarrizketatu dute. Esan du berari Rodriguez Galindori baldintzapeko askatasuna eman izanak ez diola bereziki eragin, lehenagotik ere etxean zelako. Gogoratu du semearekin egon zen azken aldian Tolosara itzuliko zirela esan ziola, eta esan du harekin amets askotan egiten duela.
Audioa: 'Faktoria' saioko elkarrizketa (Euskadi Irratia):