Ateak Ireki-ren alde, larunbatean, 19:00etan, elkarretaratzea egiteko beharrezko tramiteak bete arren —duela hamar egun eman zuten haren berri—, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera, baimen eskaera ez da behar den lekura heldu, faxean izan den akats baten ondorioz. Carmen Albak zuzentzen duen ordezkaritzarekin harremanetan jarri dira elkarretaratzearen antolatzaileak, baina, hala ere, ez du iritziz aldatu.
Adierazpen askatasunaren aldeko protesta modu baketsuan joateko deiari eutsi diote, hala ere, oztopoak oztopo. "Aurre eginen diogu gure esku dugun arma bakarra erabiliz: adierazpen askatasuna", azaldu zuten Atea Ireki-ko bultzatzaileek webgunearen leihoa itxi zutenean, azaroaren 13an, eta hori erakutsi nahi dute bihar, mobilizazioa debekatu duten arren.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak agindu zuen webgunea ixtea, Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta, Herrira mugimenduarekin lotura duelakoan. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, "ETAren aldeko Herrira-ren legez kanpoko jarduna" saihesteko hartu zuten erabakia, webgunea "kaltegarria eta delituzkoa" dela argudiatuta.
Azken bi urteotan gertakari garrantzitsuen lekukotasuna utzi du Ateak Ireki-k. Nafarroako dozenaka kazetariren babesarekin jaio zen proiektua, Espainiako Poliziak 2011ko urtarrilean Apurtu.org webgunearen aurkako operazioa egin ondoren. Lau lagun atxilotu zituzten orduan, Askatasunaren "propaganda aparatuko" kide izatea egotzita.