ATENTATUA ARRIGORRIAGAN. GERTAEREN KRONIKA. Polizia inspektore bat hil du ETAk, autoan bonba bat zartarazita

16 urte zeraman ETAren aurkako lanean, eta Espainiako Poliziaren Bizkaiko Informazio Brigadako inspektore-buru izatekotan zen

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Arrigorriaga
2009ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
ETAk Eduardo Puelles Garcia Espainiako Poliziaren Bizkaiko Informazio Brigadako inspektorea hil du Arrigorriagan (Bizkaia), auto azpian itsatsitako bonba zartarazita. 49 urte zituen Puellesek, Barakaldon jaioa zen, eta Arrigorriagako Ollargan auzoan bizi zen. Bilboko Abusu auzoa eta Arrigorriaga lotzen dituen gunean. 1982. urtetik zen Espainiako Poliziako kide, eta 2002. urtean ETAren aurkako borrokan aritzen den Informazio Brigadako inspektore kargua hartu zuen. Uneotan, berriz ere karguz igotzeko prestatzen ari zen. Inspektore-buru izatekotan zen.

Poliziaren Sindikatuko Komunikazio arduradun Antonio Callejak adierazi duenez, esperientzia handia zuen ETAri buruzko informazioa biltzeko lanean. 16 urte zeraman alor horretan, eta hainbat talde berezituetan aritua zen. Kale erasoei buruzkoan, ikerketari dagokionean zein ETAren aurkakoan, besteak beste.

ETAren atentatuan hil zen, atzo, etxe ondoan. Etxetik atera, autoan sartu, piztu, eta lehertu egin zen autoa. Goizean izan zen,09:05ak ziren. Santa Isabel kalean, etxeen multzoa amaitu eta Ollarganeko parke ondoan dagoen aparkaleku batean zuen autoa. Piztuta zuela, azpialdean itsatsita zuen bonba lehertu egin zen. Autoaren atzealdean, gasolinategiaren ondoan zuen itsatsita bonba, kilo eta erdi eta bi kilo lehergai ingurukoa. Hori dela eta, sutea eragin zuen leherketak.

Lekukoek adierazi dutenez, handia izan zen eztanda, eta Bilboko hainbat auzoetatik entzun zen. Suteak eragindako kea ere eremu zabalean ikusi zen. Beste bost auto hondatu zituen suteak, eta suhiltzaileek 10:00etan lortu zuten erabat itzaltzea.

Leherketak ez zuen Puelles bat-batean hil, eztandaren unean aparkalekuan zegoen lekuko batek adierazi duenez. Eztandarekin batera su hartu zuen autoak, eta barruan zegoen pertsonaren oihuak entzun zituela kontatu du. Puelles laguntza eske aritu zela autotik atera ezinik, baina sugar handien eraginez, lekukoak ezin izan zuela polizia lagundu. Puellesen gorpua, erabat erreta geratu zen.

Emaztea ospitalera

Poliziaren emazteak etxetik entzun zuen eztanda. Eta, auzokoei kontatu zienez, lehen unetik pentsatu zuen bere senarra atentatuan hil zutela. Hala izan zela jakin zuenean antsietate krisiak jo zuen, eta Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian. 16 eta 21 urteko bi semeak ere ospitaleratu zituzten.

Ertzaintza eta Espainiako Polizia bertaratu, eta berehala hesitu zuten ingurua. Autoa aztertzeari ekin zioten, arrastoak jaso nahian. Bien bitartean, Ertzaintzak segurtasun neurri gisa jarritako hesiaren beste aldean ere, jendea pilatzen hasi zen. Kazetari asko bildu ziren, eta politikarien joan-etorria etengabea izan zen.

Patxi Lopez lehendakaria, Gasteizen agerraldia egin ondoren joan zen Arrigorriagako auzora auto ofizialean. 12:20 inguruan iritsi zen hesitutako gunera, Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko presidentea lagun zuela.

Ordurako bertan zen Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua. Etorri berriei bostekoa eman, eta ordubete lehenagotik bertan ziren EAJko ordezkariengana zuzendu zituen. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea, Andoni Ortuzar BBBkoa, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea Lopez, Pastor eta Aresekin bildu, eta elkarrizketan aritu ziren minutu batzuetan, serio, baina modu adeitsuan.

Ondoren, lehendakaria, Herrizaingo sailburua eta PSE-EEren Bizkaiko presidentea leherketa izan zen aparkalekuraino joan ziren Alberto Ruiz Azua Arrigorriagako alkatea lagun zutela, aurrez, EAJko kideek egin bezala.

PSE-EEko eta EAJko ordezkariez gain, bertan izan ziren, besteak beste, Alfonso Alonso PPko diputatua eta Julia Madrazo Ezker Batuko Bilboko zinegotzia. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Mikel Cabieces ere han izan zen.

Hileta autoa 12:15ak zirenean abiatu zen beilatokira. Puellesen gorpua ordu batzuetan bertan izanondoren, Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzara eraman zuten, eta han ezarri zuten hil kapera.

Hirugarren aldia bi urtetan

Bi urteko epean, hirugarren aldia da ETAk Abusu auzo inguruan atentatua egiten duena. 2007ko urriaren 9an Gabriel Guines bizkartzaina larri zauritu zuen Zamakola kalean aparkatuta zuen autoari itsatsitako bonba zartarazita.

Iazko apirilaren 17an, berriz, PSE-EEk Abusun duen egoitzaren atarian bost kiloko lehergailua leherrarazi zuen. Ez zuen inor zauritu, baina kalte material handiak eragin zituen.

Berri agentziek ikerketako iturriak aipatuta zabaldu dutenez, ETAren talde berari egotzi dizkie hiru atentatuak.



Eduardo Puelles

Informazioko inspektorea

Eduardo Antonio Puelles Garciak 49 urte zituen, ezkonduta zegoen eta bi seme zituen. Barakaldon jaio bazen ere, Arrigorriagan eman zituen bizitzako urte gehienak. Euskalduna zen. Haren anaia Ertzaintzako kidea da.

Bilboko polizia etxean egiten zuen lan. Aurretik Alacant eta Lleidako (Herrialde Katalanak) polizia etxeetan egon zen, ondoren Irungo eta Portugaleteko polizia etxeetara igorri zuten. 1991. urtetik Bilbon zen. SPP sindikatuko kidea zen Puelles. Jose Antonio Calleja sindikatuko Komunikazio zuzendariaren arabera, «polizia ona» zen; aurretik hainbat taldetatik pasatu zen: «kale indarkeria, analisiak, ETA». Pertsona ezaguna zen Arrigorriagan. Gaztaroko urteak Arrigorriagako Ollargan auzoan eman zituen.Gurasoak Bilbora joan zirenean, Santa Isabel auzoan gelditzea erabaki zuen.



Urrezko domina jarri dio Zapaterok hil kaperan

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Polizia Merituen Urrezko Domina jarri dio Eduardo Puellesi, hil kaperan. Madrildik Bilborako hegazkin berean bidaiatu ondoren, gobernuburua eta Mariano Raxoi PPko burua bakoitza bere aldetik joan ziren atzo arratsaldean Puellesen hil kaperara. Ordu erdiz egon ondoren joan ziren handik, 20:10 inguru zirenean. Joan aurretik, poliziaren alargunarekin eta bi semeekin egon zen Zapatero, Patxi Lopez lehendakaria alboan zuela.

Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan jarraituko du gorpuak, hileta elizkizuna egin arte. Gaur izango da hori, 13:00etan, Gobernuaren ordezkaritza alboan dagoen San Jose Elizan.



Legebiltzarrak omenaldia egingo dio astelehenean

Eusko Legebiltzarrak omenaldia egingo dio astelehenean ETAk hildako poliziaren inspektoreari, 13:00etan. Aurrez, 12:30ean, elkarretaratzea egingo du legebiltzarraren kanpoaldean, atentatua gaitzesteko. Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen atzo gaitzespen idazkia, eta astelehenerako deia egin.



«Hurbilago egon izan banintz, leherketak hilko ninduen»

Bonba itsatsia lehertu zenean danbateko handia eragin zueneta eztandak auzoaaztoratu zuen
Erredakzioa. Agentziak

Leherketa izan zen unean hainbat lagun ziren inguruan. Eduardo Antonio Puelles ETAk atentatuz hildako poliziaren auzokide batek esan zuen bonba lehertu zen tokitik hamar metrora zegoela zartatu zenean: «Hurbilago egon izan banintz, hilko ninduen». Txakurrarekin paseatzen ari zenean entzun zuen eztanda. «Oso leherketa handia izan da. Hasieratik jakin dut atentatu bat zela».

Eztandak danbateko handia eragin zuen ingurumarian. Eztandak esnatu zuen batek hedabideei esan zienez, lagun batek deitu zion autoa lekuz aldatzeko. «Andra bat ikusi dut estu, eta leherketa bat ikusi da», esan zuen. Eztandarazitako autoaren barruan pertsona bat zegoela esan zioten gero. «Ertzaintzaren auto asko ikusten ziren, suhiltzaileak eta kazetariak. Jendetza zegoen. Kalea itxi dute, eta ezin zen pasatu», adierazi zuen atentatua izan berritan.

Arrigorriagako Santa Isabel auzoko aparkalekuan bi lekuko baino ez zeuden atentatuaren unean, baina askoz jende gehiagok ezagutzen zuen auzoan. Ezagutzen zuten hainbatek hartu zuten hitza hedabideen aurrean, hari buruz aritzeko. Ezagutzen zuen emakumeetako baten arabera, auzokoek bazekiten zein lanetan aritzen zen Espainiako Poliziaren Bilboko Informazio Brigadako inspektorea; «Eduardo auzokoa zen, betidanik, pertsona hurbila zen, lagunkoia eta beragan konfiantza eduki ahal zen», esan zuenez.

Arrigorriagan, Santa Isabel kaleko taberna baten hartu ohi zuen kafea Eduardo Puellesek, taberna hartako jabeak jakinarazi duenez. Hedabideei adierazi zienez, inoiz ez zuen polizia jantziarekin ikusi, eta oso pertsona «normala eta auzoan integratua» zen Eduardo Antonio Puelles, hildako polizia.

Kafea hartzen behin baino gehiagotan ikusi zuen batek, «diskretua, oso diskretua» zela adierazi zien hedabideei. «Banekien polizia zela, baina ez zuen inoiz horretaz hitz egiten kafea hartzera jaisten zenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.