Goizaldeko hirurak baino minutu batzuk lehenago egin zuen eztanda Legutioko (Araba) Guardia Zibilaren kuartelean jarritako bonba-furgonetak. Abisua jaso eta bertaratu bezain laster hasi ziren suhiltzaileak hondakinen artean harrapatuta geratuziren lagunen bila. Batera aurkitu zituzten biak, baina eraikina erortzeko arriskua ikusita, medikuari sartzen utzi aurretik, hormak eskoratu behar izan zituzten, lanean aritu ziren suhiltzaileek azaldu moduan. Medikuak, barrura sartuta, Juan Manuel Piñuel guardia zibila hilik zegoela egiaztatu zuen. Hondakinen artean harrapatuta zegoen beste laguna laguntza eske aurkitu zuten, suhiltzaileak zeuden lekutik bi metroko sakonean. «Oihuak entzun eta bizirik zegoela ikusi genuenean, bultzada garrantzitsua izan zen guretzat». Eraikina erortzeko arrisku bizia zegoela eta, «eskuz» egin behar izan zituzten ondorengo bilaketa lanak.
Suhiltzaileetako batek azaldu moduan, leherketaren ondoren kuartelera gerturatu zenean «gerra eta anabasa» aurrean zituela pentsatu zuen. Eztandak sabaia bota eta bitan zatitu zuen eraikina. Kuartela Legutio kanpoaldean dagoenez, zenbait etxetan baino ez zuen kalterik eragin.
Leherketaren unean ekaitza ari zuela eta, eztanda trumoiren bat izan zitekeela pentsatu zuten herritar askok. «Eztanda gogor bat, eta ondoren mugimendu bortitz bat sentitu dut. Gertatutakoaz jabetu aurretik, trumoia zela uste nuen», azaldu du plaza nagusiaren ondoan bizi den Maria Luisa Eginok. Kuarteletik kilometro batera dago plaza, baina ongi sentitu zuten bertan ere eztanda, bertako zenbait etxeren leihoak ere hautsi zituelako. Kuarteletik 500 bat metrora, Carmen kalean, Miriam Biterik gertutik sentitu zuen eztanda. «Izugarria izan da. Saltoa eman dut ohe gainean. Eta amaren etxean are gogorragoa, ohe gaineko ispilua eta atea ere apurtu ditu».
Kalterik handienak, ordea, Zabalain auzoan eragin zituen leherketak. Kuartelaren parean, urtegia tartean, Zabalaineko etxeetako leiho eta teilatuak konpontzen aritu ziren atzo goizean. «Sekula ez nuen pentsatuko herrian halakorik gertatuko zenik. Izugarria izan da. Dardara batean nago oraindik», azaldu zuen Argi Etxebarriak, malko artean. Egun osoan zehar zabalik izan zen, herriko udaletxean, kaltedunak artatzeko bulegoa.
ATENTATUA LEGUTION. Bilaketa, ordu txikietan
Leherketaren eraginez, sabaia erori eta bitan zatitu zen Guardia Zibilaren kuartela; Zabalain inguruko etxeetan izan dira kalte nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu