ATENTATUA LEGUTION. Hego Euskal Herrian ETAk azpiegitura «sendoa» duela dio Javier Balzak

Poliziek fitxatu gabeko kideez osatua dagoela eta desegiteko zaila izango dela ohartarazi du

AGENTZIAK GASTEIZ
2008ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak nabarmendu duenez,ETAk azpiegitura «sendoa» eta konplexua dauka Hego Euskal Herrian. Desegiteko «zaila» den egitura dela dio Balzak, poliziek fitxatu gabeko talde batek osatzen duelako. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroarekin Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren egoitzan bildu ostean egin zituen adierazpenok Balzak. Bileran, Legutioko atentatua aztertu zuen Rubalcabarekin eta biek ala biek «terrorismoaren kontrako borrokan hizkuntza bera» erabiltzen dutela nabarmendu zuten.

Jaurlaritzako sailburuak esan duenez, lehendabiziko ikerketen arabera, Legutioko erasoaren atzean Durangoko eta Calahorrako (Errioxa, Espainia) Guardia Zibilaren kuartelen kontrako atentatuak egin zituzten pertsonak egon daitezke. «Agian gehiegi esatea da, baina ihes egiteko erabili zuten bidea ikusita, horixe da hipotesi nagusiena», gaineratu du.

Horrez gain, atentatua egiteko modua Durangon eta Calahorran erabilitakoaren oso antzekoa dela zehaztu du Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak.

Azken atentatuak aztertuta, Balzaren irudiko ETAk «azpiegitura kezkagarria» dauka Hego Euskal Herrian. Jaurlaritzako sailburuaren irudiko liberatuei laguntza ematen dien azpiegitura sendo bat eratzea lortu du ETAk, «atentatu ugari egitea» ahalbidetzen duena.

Balzak azaldu duenez, «kide askoz» osatutako talde bat baino gehiago dabil Hego Euskal Herrian zehar. Talde hauek erakunde armatuko kide legalez osatuak daude, Balzaren irudiko, eta hauek liberatuez eratutako talde txikiagoei laguntza ematen diete ekintzak egin ditzaten.

Gauzak horrela, ETAk fitxatu gabeko kideak izateak ikerketa «zailtzen» duela dio Balzak.

Legutioko atentatua burutzeko erabili den lehergai kopuruari dagokionez, Balzak ez du xehetasunik eman, horren ardura Guardia Zibilarena delako. Ertzaintza eta Guardia Zibila, bitartean, atentatuaren tokian nahiz Urkiolan atzemandako ibilgailuan aztarnak bilatzen ari direla jakinarazi du.

Herrizaingo sailburuak azpimarratu duenez, Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Ertzaintza elkarlanean ari dira Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko segurtasun arloko arduradunek «terrorismoaren kontrako borrokan helburu berbera dutelako», alegia, ETA amaitzea.



'BIZKAIA KOMANDOA'. EFE Espainiako berri agentziak ikerketako iturriak aipatuz zabaldu duenez, Legutioko atentatuaren atzean Bizkaia Komandoa dago. Berri agentziak dioenez, ETAko bi kide liberatuk gidatzen dute komandoa eta legalen bi talderen laguntza izaten du ekintzak egiterako orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.