Astelehenean mintzatu ziren Bidegiri buruzko ikerketa batzordean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Eneko Goia bide azpiegituretako foru diputatu ohia, eta bertan berretsi zuten AP-1ean pagatutako lan guziak eginak zeudela. Erreakzio eguna izan da biharamuna.
Bidegiri buruzko ikerketa batzordera EAJ "zipriztinduta sartu eta erabat bustita" atera dela uste du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Ikerketa batzordearen ondorioak "garbiak" dira, Ugarteren ustez: "Lurrak falta dira eta ordaindu egin dira".
"Irainak" albo batera utzi eta azalpenak emateko eskatu die EH Bilduk Olanori eta Goiari. Koalizioaren ustez, batzordearen lehen ondorioa da"irregulartasunak agerian" geratu direla: "900.000 metro kubo lur horiek non dauden eta beraz zergatik ordaindu ziren ez du inork argitu".
PPko batzarkide Juan Carlos Canok, berriz, uste du EAJk udal eta foru hauteskundeetarako zerrendaburuak aldatu behar dituela —Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaia da, eta Goia, Donostiako alkategaia—. Biei "kiratsa darie", Canoren esanetan, eta salatu du EAJk "presio etengabeak" egin dituela Bidegiri buruzko ikerketa oztopatzeko. Gaineratu du PPk Bildu "demokratikoki" foru gobernutik egotzi nahi duela, "baina ez edozein preziotan. Ez gure eta gipuzkoar guztien duintasunaren truke".