POLITIKA

'Atera dezagun egia itzaletik argira', argitu gabeko kasuak

Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da gaur. Bideoa: Atera dezagun egia itzaletik argira dokumentala (Egiari Zor). [YouTube]https://youtu.be/etkBlbFcoY0[/YouTube]

2015eko martxoaren 24a
14:27
Entzun

Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta, horren harira, dokumentala plazaratu du Egiari Zor fundazioak: Atera dezagun egia itzaletik argira. Erabat argitu gabe dauden edota bertsio ofizialetan iluntasuna nagusi den kasuetako hamalau biktimaren testigantzak jaso ditu ikus-entzunekoak, eta egia ezagutarazteko premia dutela ohartarazi dute guztiek. Konponbiderako ere gatazkaren ondorioak aztertzea ezinbestekoa dela eta, lehen urrats gisa "egia guztiak ezagutzea" eskatu du Egiari Zorrek.

Neba "egoera arraro batean" nola desagertu zen kontatu du Jon Anzaren arrebak, esaterako. Andoni Txaskok, berriz, 1976ko martxoaren 3an Poliziak bost langile nola hil zituen gogoratu du. Guardia Zibilak Jose Miguel Bustinza aita hil ziola kontatu du haren alabak. Angel Gurmindoren arrebak, neba gerra zikinak hil zuela. Bi torturatu ere aritu dira. Rosa Zarraren senarrak azaldu du Ertzaintzaren pilota batek emaztea nola hil zuen. Auzia artxibatu da kasu guztietan, edo lekukoen esanekin bat ez datozen bertsio ofizialak eman dituzte. Hori gainditu eta egia zabaltzeko eskatu dute biktimek.

Martxoaren 3an iragarri zuen fundazioak Itzaletik argira izendatu duen proiektua abiatuko zuela. "Estatuaren estoldetatik gidatutako" zein Segurtasun Indarrek eragindako heriotza guztiak argitzea du helburu Egiari Zor fundazioak, aurkezpenean azaldu zutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.