Atera dute 'Motxo' ontzia haitzetatik, eta zatitzeko prest dute

Ontzia erretiratzeko lanak Zumaia eta Deba arteko biotopoan «kalte handiak» eragin dituela salatu du Eguzkik

ainara arratibel gascon
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Lortu dute Motxo ontzia Zumaia eta Deba (Gipuzkoa) arteko itsaslabarreko haitzetatik ateratzea. Une honetan plataforma baten kontra dute, eta behin zatitu ostean, biotopotik erretiratuko dute.Ontziak uste baino likido gehiago zuen barruan: 4.000 litro. Pisua ere, uste baino 65 tona handiagoa zuen: 185 tona, hain zuzen.

Aste hauetan ontzia nola atera erabakitzen aritu dira. Azkenean garabi batekin egitea erabaki zuten. Herenegun muntatu zuten garabia. Matxura izan zuen, baina hura konpondu, eta atzo eguerdian ekin zieten ontzia ateratzeko lanei. Lehenik eta behin, ontzian geratzen ziren erregai hondarrak eta motorreko olioa atera zituzten. Ondoren hasi zituzten ontzia ateratzeko lanak. Ez zen erraza izan, ontziak uste baino gehiago pisatzen baitzuen: 185 tona. Garabiak nekez altxa zitzakeen 200 tona.

Ordubete inguru behar izan zuten ontzia lehorreratzeko. Hasteko, zuzen jarri zuten. Behin hori eginda, garabiarekin altxatu, eta plataformaren parera eraman zuten. Ondoren, popa plataformaren gainean pausatu zuten, eta branka garabitik zintzilik utzi zuten. Bazkalostean, ontziari bira eman ostean, erabat etzan zuten. Hurrengo urratsa, zatitu eta handik kentzea izango da. Gero, ontzia erretiratzeko erabili duten garabia eta azpiegitura guztiak kendu beharko dituzte. Lanak urte amaieran bukatuko dituzte.

Hain zuzen ere, erreskate lanetarako prestakuntzek biotopoari «kalte handia» eragin dizkiola salatu du Eguzki talde ekologistak. «Hau hasiera besterik ez da izan. Ez dugu pentsatu nahi zer gertatuko den ontzia zatitzeko eta handik ateratzeko lanekin».

Hilabete pasatxo igaro du Bermeoko (Bizkaia) Motxo ontziak babestutako Zumaia eta Deba arteko itsaslabarrean. Azaroaren 4an jo zuen ondoa. Eskifaiako kideak onik atera zituzten, baina ontzia hondotik ateratzeko ahaleginek huts egin zuten. Gainera, ontzia ababorraren kontra iraulita geratu zen. Hala, brankako olio tankeetan zeramatzan hamabi tona erregai itsasora isuri ziren.

Itsas Salbamenduko kideek erregaia «hidrokarburo arina»zela adierazi zuten, eta ez zegoela «kutsadura aztarna argirik» uretan. Alabaina, natur taldeek putzuetan erregaia zegoela salatu zuten. Gainera, erreskate lanetan izandako «koordinazio eta baliabide falta» salatu zuten. Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzak, berriz, istripua zerk eragin zuen argitzekoikerketa hasi zuen. Gipuzkoako Diputazioak dosierra zabaldu zuen, erantzukizunak eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.