poliTIKA

"Aterabide demokratikoen" alde bilkurak etzi, Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta

Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian izango dira elkarretaratzeak, arratsaldean. Gazte independentisten aurkako operazioa salatu dute gaurko agerraldian; "subiranistak, indarkeria adierazpide guztiei espreski uko eginda, indarkeriarik gabeko eskenatoki politiko berri baten alde lanean ari direnean iritsi da".

2010eko urriaren 25a
18:02
Entzun
Gernikako Akordioaren sinatzaileek elkarretaratzeak deitu dituzte etzirako, Aski da! Bakebidean aterabide demokratikoak orain! lelopean. Iruñean 19:00etatik aurrera egingo dute bilkura -Udaletxe plazan-, eta Bilbon -Arriagan-, Gasteizen -Andre Mari Zurian- eta Donostian -Bulebarrean- 19:30etik aurrera.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Poliziak lehengo astean hamalau gazte independentisten kontra egindako operazioa salatu dute gaurko prentsaurrekoan, "arrazoi ideologikoengatik euskal gazte ugariren aurkako jazarpena" delako. "Operazio hau indar subiranistak, indarkeria adierazpide guztiei espreski uko eginda, indarkeriarik gabeko eskenatoki politiko berri baten alde lanean ari direnean iritsi da".

Irailaren 25ean aurkeztu zuten Gernikako Akordioa Euskal Herriko hainbat eragilek; besteak beste, ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta LABek. Gaurko agerraldian EAtik Pello Urizar idazkari nagusia izan da, ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Aralarretik Ainhoa Beola eta Alternatibatik Duñike Agirrezabalaga. Haien denen izenean gazte mugimenduko bi kidek hitz egin dute prentsaurrekoan: Haritz Perez GaztEHerriako kideak eta Haizea Solagurenbeaskoa Ikasle Abertzaleetako ordezkariak.

"Bakea eta konponbide demokratikoa" erdiesteko, "indarkeriarik gabeko egoera behar dugu, polizia operaziorik gabeko egoera nahi dugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.