Aterabide kolektiboak ura zaintzeko bidean

Klima aldaketak ertz anitz ditu. Uraren agortzea da horietako bat. Geroz eta agerikoagoa da ur eskasiaren eragina, eta, hain zuzen, gai horri heldu diote Baionan antolatutako 'Euskal Herria burujabe' ekitaldian.

Tosini, Witten eta Elosegi, atzo, Euskal Herria burujabe jardunaldian. PATXI BELTZAIZ.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hitzaldi bat bukatu, eta bestea hasi. Halaxe ibili ziren atzo Baionako fakultateko eraikinean, arratsalde osoan. Bizi elkarte ekologistak bi eguneko programa ondu du Euskal Herria burujabe jardunaldirako. Atzo hasi zuten egitaraua, eta hainbat aditu eta aktibista bildu zituzten klima aldaketaren hamaika ertzei heltzeko asmoz. Leku berezia egin zioten uraren gaiari, eta, Uraren erronka klima aldaketa garaian hitzaldian hiru lagun bildu zituzten: Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganberako agronomoa, Aude Witten Aturri-Garona ur agentziako zuzendariordea eta Emma Tosini ANV-COP21 taldeko aktibista. Laborantza ereduez aritu ziren, besteak beste.

Wittenek hasi zuen mintzaldia, eta ur agentziak egindako diagnostikoaren berri eman zuen. Hartzen duen eremuan —Frantziako Estatuko hego mendebaldea biltzen du, Ipar Euskal Herria barne—, uraren eskasia 250 milioi metro kubokoa da urtean. Beste gisa batez errateko, galdea handiagoa da baliabideak baino. «Urtean bi mila milioi metro kubo ur behar dira giza jarduerarako: %20 ur edangarrirako, %70 laborantzarako eta gainerakoa industriarako».

Iker Elosegi Ipar Euskal Herriko egoeraz mintzatu zen xehekiago. «Frantziako leku batzuetan ureztapena arazo handia da. Ipar Euskal Herrian, ez hainbeste. Hemen dugun erronka handia uraren kalitateari buruzkoa da». Egoera bereziki «hauskorra» da eremu horretan edateko urari dagokionez. Gza bakterio fekalek dute eraginik handiena kalitatean, baita kabalek ere.

Dena dela, Elosegiren ustez, lehorte geroz eta larriagoak gertatzen diren honetan, «ezinbestekoa» da laborantza ereduak «eraldatzea». 2022ko lehortea bereziki goiz heldu zen, maiatzean. «Iduri du berriz gertatuko dela, eta ohartu behar dugu denen iraupena dela jokoan». Alde horretatik, uste du laborantza herrikoia izan daitekeela uztartzeko bideetako bat. «Laborantza intentsiboak sekulako erantzukizuna du ur eskasian. Laborantza eredu alternatiboak beharko ditugu, ahal bezainbat ur aurrezteko gai izanen direnak».

Koltza olioaren eredua

Elosegik Nafarroa Behereko Amikuze eskualdeko laborari batzuen esperientzia kontatu zuen, aterabideen eredu izan daitekeelakoan. Arto laboreetan ari ziren laborari batzuk bildu ziren 2008an, eta argi zuten ureztatze sistematik atera nahi zutela —artoak uranitz behar du—. EHLGra jo zuten orduan, eta koltza egiteko erabakia hartu. Olioa, hasieran, erregai gisa baliatzen zuten, baina elikagai gisa saltzeko bidea egin zuten gero. Elosegi: «Horrelako adibideek erakusten dute kolektiboki gai garela aterabideak plantan ezartzeko».

Wittenek uste du «borondatezko politikak» beharrezkoak direla: «Panorama nahiko iluna da. Aurreikuspenen arabera, baliteke ur eskasia miliar bat metro kubokoa izatea datozen urteetan. Politika publikoek ura aurrezten lagundu behar dute».

Emma Tosini aktibistak erran zuen klima larrialdiaren harira «ikusgai» egin behar direla zenbait gai, tartean uraren eskasia. Bide horretan, golf eremuen ureztatzearen kontrako protestak aipatu zituen.

Ur biltegiak, eztabaidagai

Aurten, Frantzian, Lurraren Altxamenduek ur biltegi erraldoien kontrako borroka eraman dute, eta, ikusle batek galdera egin ondotik, gaia «oso minbera» dela erran zuen Wittenek. Izan ere, hark uste du laborantzarako urtegi horiek «aterabide bat» izan daitezkeela «baldin eta beste aterabide anitzen osagarri badira». Kontrakoek, ordea, «uraren pribatizazioa» salatzen dute. Elosegiren ustez, beste laborantza ereduak plantan ezarriz gero ez dira beharrezkoak izanen. «Laborantzako lehiakortasunaren ondorio dira», trenkatu zuen Elosegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.