Atez atekoa ez jartzea erabaki du Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa). Atzo egin zuen osoko batzarrean hartu zuen erabakia. Iazko otsailean atez ateko bilketa jartzeko asmoa agertu zuen 34 udaletako bat izan zen Azpeitikoa. Orain, atzera egin du Bilduk; EAJ eta H1en botoekin bat egin zuen atzo, hondakinak edukiontzien bidez jasotzen jarraitzeko.
Hala ere, hiru alderdiek adostu dute, testu berean, hondakinen %70 modu selektiboan biltzera iristeko helburua. Birziklatze tasa horretara nola iritsiko diren ez dute zehaztu oraingoz. Aztertzen ari dira herritarrek birziklatzen duten edo ez nola kontrolatu; txipa izango duten edukiontziak erabiltzea aztertzen ari dira, besteak beste.
Hondakinen bilketa eredua zehazteko, udalak parte hartze prozesu bat abiatzeko asmoa du. Alderdiak ados jarrita herritarrek birziklapenaren alde egitea eta jarritako helburura iristea posible izango dela erantsi du udalak.
Atzo, hain justu, EH Bildu koalizioko kideak prest agertu ziren, prentsaurreko batean, atez atekoa ez diren bestelako bilketa sistema batzuk onartzeko eta erabiltzeko, birziklatze tasak %70-80 ingurura iristen badira.