PAUL CONNETT (Zero zabor mugimenduaren sortzailea)

"Atez atekoa ez da zikina; hondakinak nahastea, hori da zikinkeria"

Zero Zabor Aliantza sustatu du eta mundu osoan aritzen da hitzaldiak ematen. Donostian egongo da astebukaeran, Zero Zabor jardunaldietan. Connetten lankide batek esana da "hondakinak interesgarri" bihurtzen dituela. (Papererako erreportajea osatzeko egindako elkarrizketa da hau).

mikel p ansa
2012ko maiatzaren 11
10:49
Entzun

New Yorkeko Saint Lawrence Unibertsitatean (AEB) Kimika eta Toxikologia irakasle izan da Paul Connett 23 urtez, eta duela sei urte hartu zuen erretiroa. Zero Zabor mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen 1990eko hamarkadan, eta Nazioarteko Zero Zabor Aliantza ere sustatu du. Mundu osoan ematen ditu hitzaldiak, hondakinen kudeaketari buruz; haren lankide batek esana da "hondakinak interesgarri" bihurtzen dituela, halako pasioz hitz egiten du gaiari buruz. Europako Zero Zabor taldeen bigarren topaketetan hitz egingo du, maiatzaren 11tik 13ra, Donostian.

Nola eta noiz sortu zen Zero Zabor mugimendua? Zer ibilbide egin du?

Zero Waste izeneko gobernuz kanpoko erakunde bat izan zen 1990eko hamarkada hasieran Filipinetan, baina kontzeptuak ez zuen abiada hartu 1995 arte. Urte hartan, Kaliforniara [AEB] iritsi zen berri bat: Kanberrako Gobernuak [Australia] onartu behar zuela Zaborrik ez 1990ean izeneko lege bat. Dan Knappek ekarri zuen albiste hura Kaliforniara. Urban Ore zuzentzen zuen Danek, Berkeleyko [AEB] berrerabilpen programa handiena. %100 birziklatu ideia defendatzen ibilia zen Dan, baina ideia hura ez zuten serioski hartu, ez bertako gobernuek, ez gobernuz kanpoko erakundeek, Canberrako Gobernuaren babesaren albistea iritsi zen arte. Zero Zabor ideia momentu egokian iritsi zen Kaliforniara. 2000. urterako errauste plantetatik eta zabortegietatik [hondakinen] %50 ateratzeko estatu lege bat bazen; harekin bat egin zuten udalerri askok, eta dirua aurrezten ari ziren hori egin ahala. Batzuk galdezka hasi ziren: "Zergatik gelditu %50ean? Zergatik ez %60, 70, 80? Eta... zergatik ez %100, edo Zero Zabor?". Errausketaren kontrako borrokaren parte bezala, Italiara eraman nuen ideia 1996 eta 1999 artean.

Zein da mugimenduaren azken helburua? Zergatik egiten duzue Zero Zabor ideiaren alde?

Gizarte iraunkorrera bidean herritarrek eta udalerriek egin dezaketen gauzarik zehatzena da. Zero zabor hobea da tokiko ekonomiarentzat: lanpostu gehiago. Zero zabor hobea da ingurumenarentzat eta osasunarentzat: toxiko gutxiago. Zero zabor hobea da gure seme-alabentzat: itxaropen gehiago.

Zein izan da mugimenduaren garapena? Zeintzuk dira garatzen ari diren esperientzia interesgarrienak?

Zero Zaborri dagokionez, Kalifornia eta Italia dira lekurik interesgarrienak. Baina Gales, Espainia eta beste herrialde batzuetara hedatzen ari da ideia.

Posible da zaborrik ez sortzea, zero zabor ideia horretara gerturatzea? Zeintzuk dira esperientzia aurreratuenak bide horretan?

Tamaina ezberdinetako udalerrientzat posible da zabortegietatik hondakinen %70-80 ateratzea, errauste plantarik erabili gabe. San Frantziskok [AEB] %78ko bilketa selektiboa du; Italiako udalerri batzuk %80tik gora daude, eta baita Espainiako batzuk ere [Euskal Herriaz eta Herrialde Katalanez ari da]. Baina zerora iristeko herritarren erantzukizuna behar dugu bukaerako partean [kontsumo katearen bukaeran], eta erantzukizun industriala hasierako partean [produktuen ekoizpenean]. Zaborra diseinu arazo bat da, arazo humano bat; naturak ez du zaborrik sortzen. Industriari hau esan behar diogu: "Ezin bada berrerabili, birziklatu edo konpostatu, industriak ez luke ekoiztu behar". Diseinu industrial hobea behar dugu 21. menderako.

Baina industria jabetzen da hondakinen arazoan duen erantzukizunaz? Urrats egokiak egiten ari da?

Ekoizle asko ari dira. Enpresa askok hartu dituzte Zero Zabor politikak, irauteko produktuak egiten dituzten ekoizleek batik bat. Estalkiak egiten dituen industriarekin daukagu arazo handiena; ekoizleek kontsumitzaileei pasatu nahi diete ardura, erabili eta botatzeko ontziak egiten dituztelarik.

Zero Zabor mugimendua, batik bat, errauste plantak eraikitzearen aurka sortu da leku gehienetan: Gipuzkoan, Italian... Zein da zure iritzia hondakinak errausteari buruz?

Italian, kasu askotan, errausketak eragindako pasioa da alternatibetan halako interesa eragin duena. Zero Zabor alternatiba integrala da; hondakinak bereiztea eta ikertzea dira gako funtsezkoak eta, inerteentzako aldi baterako zabortegiekin, alternatiba horrek ordezkatu egiten ditu errautsen zabortegiak bat behar dituzten errauste plantak.

Errausketak ez ditu kasu guztiak kitzikatu. Kalifornian, merkeagoa eta sozialagoa izan zen bultzada. Zabortegian ixteko erabakiak eragin zuen Kanberran. Trapanin, Sizilian [Italia], kontua ez zen izan errauste planta batek mehatxatzen zituela, baizik eta norabide iraunkorrago bat hartu nahi zutela.

Zero Zaborrek aitzakia ematen digu iraunkortasunaz hitz egin ahal izateko, zeina oso kontzeptu urruna baita jende gehienarentzat, mehatxatuta sentitzen den arte. Eta mehatxatutako komunitate bat oso komunitate sendoa da, pertsonek elkarrekin lan egiten badute arazoak konpontzeko.

Zero zabor helburuaren atzetik, hondakinak atez ate biltzearen alde egiten duzue. Baina atez ateko hondakinen bilketa zikina eta garestia dela kritikatzen dute hainbat alderdik hemen.

Ez du zertan garestia izan, ondo diseinatzen bada. Eta ez da zikina; hondakin guztiak nahastea, hori da zikinkeria. Errauste plantak ere zikinak dira: airea zikina, eta errautsak zikinak. Baina errauste planten kontrako argumentu handiena beste hau da: ez dira iraunkorrak! Zerbait erretzen duzun bakoitzean, atzera egiten duzu, adibidez lehengaiekin. Lehengaiak erauzten, lantzen eta garraiatzen eragindako kalteak ez dira apaltzen gauzak erretzen baldin badituzu. Errausketak ideia txar bat perfekzionatu nahi du. Gure zeregina ez da gauzak desegiteko prozesuak hobetzea, baizik eta desegin behar diren gauzak eta produktuak ekoizteari uztea.

Iazko urrian aukera izan zenuen, Italian, Gipuzkoako atez ateko bilketaren azalpenak entzuteko. Zer iruditu zitzaizun?

Euskal Herriko jendeak sistema berria (atez atekoa, eta abar) deskribatu zuenean, Italiar metodoa deitu zioten, eta horrek den-denak hunkitu zituen! Oso harro zeuden, haien ideiak beste herrialde batera igaro zirelako. Ni ere asko hunkitu ninduten zintzilikarioek —etxebizitza bakoitzarentzako edukiontzi kodetuekin—, eta bildutako materia organikoaren kalitate miresgarriarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.