hondakinak

Atez atekoa, "sistema argia eta kreatiboa"

Paul Connett New Yorkeko unibertsitate irakasleak Hernaniko eredua goretsi du Donostian, Europa Zero Zabor sarearen urteroko bilkuran. "Bakarrik ez gaudela ikusteak lasaitasuna ematen du", esan du Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak.

2012ko maiatzaren 12a
17:18
Entzun

Europa Zero Zabor sarea Gipuzkoan ari da egiten urteroko bilkura, atzo hasita, eta entzundakoak entzunda, Bildu koalizioko kideak gustura eta lasai agertu dira. "Bakarrik ez gaudela ikusteak lasaitasuna ematen du. Italian, adibidez, 28 milioi pertsonak hondakinak atez ate biltzen dituztela ikusteak lasaitasuna ematen digu", esan du Juan Carlos Alduntzin (Bildu) Gipuzkoako Ingurumen diputatuak jardunalditan, Donostian.

Esaterako, Paul Connett New Yorkeko (AEB) Saint Lawrence Unibertsitateko Ingurumen kimikan irakasle eta Zero Zabor filosofiaren sortzaileetakoak Gipuzkoan hainbat herrik daramaten atez ateko sistema goraipatu du. "55 herrialdetan izan naiz, eta Zero Zabor filosofian lanean daramatzadan 27 urteetan ez dut Hernanikoa bezain sistema argia eta kreatiboa ikusi", adierazi du Donostian. 

Connetten hitzaldian aretoa beteta izan da. Haien artean izan da Juan Karlos Izagirre (Bildu) Donostiako alkatea. "Oso interesgarria" iruditu zaio hark esandakoa, eta defendatu du hondakinen kudeaketa eztabaida teknikoa izan behar dela, ez politikoa.

Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkate ohi eta Amaiurreko diputatuak ere mintzatu da jardunaldietan, atez ateko sistema goraipatzeko. "Ohorea da [Usurbilek] Euskal Herrian aurreneko hazia jarri izana zero zaborrerako bidean. Hiri hondakinen 100% jasotzen dugu, eta %90 birziklatzen dugu. Komertzio txikietatik merkataritza gune handietaraino. Osasunaren eta ingurumenaren iparra beti eduki dugu. Zabortegi toxikoak eta errauste planta egitasmoa genituen aurrean, eta irtenbide bat bilatu behar genuen horren aurrean. Maila instituzionalean egin genuen lan, baina baita herritarrekin ere. Horrela hasi ginen atez atekoarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.