Atez atekoaren aurka 60.000 sinadura jaso dituzte Gipuzkoan, EAJren arabera

Bilduk salatu du EAJk «alderdikeriaz» erabili dituela atez atekoaren aurka plataformek bildutako sinadurak

Herritarrak, atez atekoaren aurka sinatzen, Tolosan. REBEKA CALVO / TOLOSALDEKO ETA LEITZALDEKO HITZA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Atez atezkoaren aurkako 60.000 sinadura bildu dituzte Gipuzkoan. Hondakinak biltzeko sistema horren aurka egiteko, EAJk martxan jarri du Gipuzkoa Garbia taldea. Hain zuzen, talde horrek jakinarazi du datua. «Birziklatzearen aldeko eta inposaketaren aurkako sinadurak dira», nabarmendu du Nahikari Otermin Pasaiako zinegotziak. EAJk eskatu dio Bilduri kontuan hartzeko eta entzuteko Gipuzkoako herritarren nahia. «Ez sinadura eman duten herritarren polizia fitxa bat egiteko, baizik eta erokeria eta zentzugabekeria hau berehala geratzeko», esan du Zarauzko zinegotzi Imanol Lasak.

Oterminek eta Lasak gogorarazi dute duela bost hilabete hasi zirela sinadurak biltzen Gipuzkoako hainbat herritan atez atekoaren aurkako sortutako plataformak. «Lan paregabea egin dute, eta eskertzekoa da. Gainera, Gipuzkoako herritarrekinoiz ez bezala erantzun dute Bilduren inposaketaren inguruan. Etorkizunean, herri gehiagotan sortuko dituzte halako plataformak». Lasak nabarmendu du zenbait herritan atez atekoa babesten duten alderdiek aurreko udal hauteskundeetan lortutako bozak baino sinadura gehiago bildu dituztela atez atekoaren kontra.

Bilduren jarrera «fanatikotzat» jo du. «Halako jarrerak iragana dira. Heziketa, sentiberatzea eta kontzientziazioa dira etorkizuna». Horrenbestez, atez ateko sistema bazter uzteko eta bosgarren edukiontziaren alde egiteko eskatu dio Lasak Bilduri. Funtsezkoa iruditzen zaio, halaber, sentsibilizazio kanpainak sustatzea. «Kontuan har ditzala emaitza onak izaten ari diren beste sistema batzuk: Lazkaokoa, adibidez. Gu bide horretan lan egiteko prest gaude».

Gainera, zabortegi gehiago ez irekitzea galdegin dio Bilduri, eta egungoak ixtea. «Espainiako Gobernuak zoriontzen duen edo ez begiratu beharrean, kontuan har dezala Europako herrialdeetan zer egiten ari diren. Eredua ez da Espainia, baizik eta Suitza edo Alemania». Hala, adierazi du hondakinen kudeaketarako Europako Batzordearen zuzentarauak hondakinen«balioztatze energetikoaren» alde egiten duela. «Laugarren puntuan aipatzen du».

Lasak uste du bide horretan zihoala Gipuzkoan 2008an indarrean jarri zen Hondakinen Kudeaketarako Plana, baina Bilduk hankaz gora jarri nahi duela orain aurkeztu duen planarekin.

Bilduren erantzuna

Bilduren ustez EAJk «alderdikeriaz» erabili ditu atez atekoaren kontra bildutako sinadurak. «Hondakinen kudeaketaren arazoa konpontzeko borondatea izatetik oso urrun dago EAJren jarrera», salatu du koalizioak. Gogorarazi du Gipuzkoan 120.000 herritarren babesa jaso zutela iazko udal hauteskundeetan. «Politika egiteko beste modu bat dugulako aukeratu gintuzten, herritarren arazoengatik kezkatzeagatik; azken batean, haien iritziak entzuteagatik. Horretan jarraitzen dugu. Guk zuzentzen ditugun erakundeetakoateak zabalik daude herritarrentzat».

Azalpenak eman behar dituena EAJ dela uste du Bilduk. «Azaldu beharko du zergatik egin duen bat PSE eta PPrekin Bilduren aurka egiteko». Gainera, salatu du beste gai batzuetan EAJk muzin egin diola herritarren nahiak entzuteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.