Ingurumena

Atez atekoaren "inposizioa" salatu eta errauste planta babestu du Eusko Legebiltzarrak

Bildu Gipuzkoan hondakinen atez ateko gaikako bilketa "imposatzen" ari dela salatu du Eusko Legebiltzarrak gaur. Aldi berean, errauste planta babestu du, Gipuzkoako Hondakinen Plan Nagusiaren aldeko ebazpena aurrera atera baitu, PSE-EEk, EAJ-k eta PPk babestuta.

inaki petxarroman
2013ko maiatzaren 23a
19:57
Entzun

Bilduk gobernatzen dituen udalak atez ateko hondakinen gaikako bilketa bortxaz ezartzen ari direla salatu du Eusko Legebiltzarrak gaur,  EAJk, PPk eta PSE-EEk adostutako legez besteko proposamen baten bidez. Aldi berean, errauste plantaren alde agertu dira hiru alderdiak, Europak zabortegiak ixteko agintzen duela iritzita.

Borja Semper PPk eledunak "zerrikeriatzat"  jo du atez ateko sistema, eta gogoz txalotu du Gipuzkoako herrietan sortu den "matxinada".  Hain zuzen  ere, mugimendu horren buru jarri du Legazpi: "Haiek hartu dute atez ateko sistemaren inposizioari aurre egiteko mugimenduaren burua, eta herritarren parte hartzearen erakustaldi eder bat eskaini dute". Europan gehien birziklatzen duten herrialdeak gehien errausten dutenak direla ohartarazi du Semperrek. Zabortegiak gainezka egitear daudela gogorarazi dio Bilduri, eta gipuzkoarrei gogoratu die "Bilduren inposizioaren" aurkako lehian Eusko Legebiltzarrak ez dituela bakarrik utziko.

Jesus Zaballos PSE-EEko diputatuak Bilduri leporatu dio hondakinen tratamenduan "30 urte atzera" egitea, atez atekoak "garbitasun eta osasun" arazo handiak dakartzala uste baitu. Materia organikoa biltzeko bostgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du Zaballosek, eta Bilduri eskatu dio zerbait egin dezala "herritarren eta udalen arteko harreman gaiztotua" berriz onera ekartzeko.

EAJren izenean Maria Eugenia Arrizabalagak gogor hitz egin du Bilduren kudeaketaren aurka. "Atez ate, irabazi arte!" leloa hartuta bi urte hauetan "bazterrak nahastu" baino askoz gehiago ez duela egin leporatu dio Gipuzkoako Diputazioa eta udal gehienak kudeatzen dituen koalizioari. Politika horren ondorioa ere atera du: "Estrategiaren porrot izugarria, bi urte galduta, zabortegiak lepo, konposta tratatzeko azpiegitura berririk ez, alternatibarik ez, Europak erabiltzen duen irtenbideari uko, eta guztia hutsaren pareko eta jendearen haserrerako".

Gorka Maneirok bat egin du beste alderdiekin atez ateko sistemaren "inposizioa" salatzen. Alabaina, errauste plantaren tamaina berriro aztertu behar dela adierazi du. Izan ere, hondakinen planak onartu zuen errauste planta handiegia zela uste du Maneirok, eta azpiegitura txikiago bat egin behar dela iruditzen zaio. Ildo horretan, Zubietako errauste planta negozioa egiteko helburuz planteatu zutela salatu du,  eta gaineratu horrekin ez dagoela ados.

Bilduren izenean Marian Beitilarrangoitiak azaldu du udalek legitimotasun osoa dutela hondakinak biltzeko egokitzat jotzen duten sistema aukeratzeko. Ildo horretan, atez ateko sistemak gehien birziklatzen duena dela oroitarazi die gainerako alderdiei. Aldi berean, gogoratu du Gipuzkoan inork ez duela nahi errauste planta bere etxe ondoan. Eta gogoratu dio Zaballosi, Lasarte-Oriako alkate zenean, Zubietako errauste planta egitearen aurkako botoa eman zuela. Beitialarrangoitiak errauste plantaren atzean dauden "negozioak" salatu ditu, eta adierazi du herritarren iritzia eta parte hartzea modu iraunkor batean bideratzearen alde dagoela EH Bildu. Beste alderdiak ere horren alde dauden zalantzan  jarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.