Edukiontzien eredua sustatu eta atez ateko sistemaren «inposaketa» salatzeko, Gipuzkoa Garbia kanpaina jarri dute martxan EAJko udal ordezkari eta batzarkideek. Kanpaina horren bidez lau konpromiso hartu dituzte: edukiontzien aldeko apustua egitea; hondakinen kudeaketa sistemaren plangintza Gipuzkoako Batzar Nagusiei dagokiela defendatzea; zabortegi berriak zabaltzeari uko egitea; eta hondakinen gaia politikoki erabiltzea errefusatzea. «Beharrezkoak diren ekimen politiko guztiak sustatuko ditugu lau konpromisoak betetzen direla ziurtatzeko, eta baita informazio eta eztabaida ekintzak herrietan», azaldu dute Imanol Lasa eta Nahikari Otermin zinegotziek.
Oterminek nabarmendu du Gipuzkoako herritarrek urteetan frogatu dutela gai direla hondakinak zuzen kudeatzeko. «Birziklatze tasen etengabeko hobekuntzak frogatzen du kontzientziazioa, heziketa eta pedagogia direla emaitzak hobetzen jarraitzeko bidea, sekula ez inposaketa».
Edukiontzien sistema defendatu du Oterminek. «Frogatua dago sistema horrek behar bezala funtzionatzen duela, garbiena dela, eta herritarren gehiagoaren onarpena duela. Edukiontzien kudeaketa egoki batekin, eta herritarren borondatezko partaidetzarekin, atez ateko sistemarekin baino emaitza hobeak lor daitezke». Atez ateko eredua kritikatu du Lasak. «Sistema zikin eta zaharkitua da; gainera, inposaketan oinarritua dago. Garestiagoa ere bada».
Gainera, Gipuzkoan dauden hiru zabortegiak berehala ixteko exijitu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. «Europako araudiak bete ditzala. Bertan, gainera, errauste bidezko balorizazio energetikoaren aldeko apustua egiten da birziklatu ezin diren hondakinen kasuan». Hori guztia bete dadin jarri du martxan EAJk Gipuzkoa Garbia kanpaina. «Lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin landuko dugu».
GHK eskumenen defentsan
GHK Gipuzkoako Hondakinen Erakundeak, bestalde, defendatu du bera dela hondakinak tratatzeko eskumena duen erakunde bakarra. «Guk esleitzen, sinatzen eta ordaintzen ditugu azpiegituren kontratuak», nabarmendu du GHK-ko lehendakariorde Ainhoa Intxaurrandietak. Hala, iazko udal eta foru hauteskundeetan herritarrek azaldutako borondatea errespetatzeko eskatu dio PSE-EEri eta EAJri. «Agintea zutenean erabakiak hartzeko legitimitatea bazuten, zer aldatu da orain guri hori ukatzeko? Herritarrak nahasten saiatzen ari dira».
GHK-k «zorrotz» aztertuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan aurkeztutako hondakinen kudeaketarako plan berria. «Dena den, iruditzen zaigu Gipuzkoako herritarren gehiengoaren borondatearen norabidean eginiko estrategia bat dela. Konponbide iraunkorra da, Gipuzkoa zer zabor lurraldea bihurtuko duena, gipuzkoarrek hautestontzietan aukeratu zutenaren isla», esan du Intxaurrandietak.
Bilera eskaria egin die Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiei. «Gaia behin betiko argitu nahi dugu, aurrez aurre, eta polemika antzurik gabe». Bilduk, EAJk eta Aralarrek biltzea onartu dute. Datorren astean egingo dituzte bilerak.
Aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako planarekin Aralarrek amaitutzat eman duhondakinen kudeaketari buruzko eztabaida. Begi onez ikusi du plana «Foru Gobernuak aurkeztu duen planteamendua itxiera fasean oinarritu beharrean, hasiera fasean oinarritzen da, hau da, prebentzioan eta birziklatzean. Baina bukaera faseari ere ematen dio erantzuna, hondakinen %100 tratatzea aurreikusten baitu. Europak ezarritako irizpideetan kokatzen du hiri hondakinen kudeaketa», adierazi du Aralarreko Gipuzkoako batzarkide Rebeka Uberak.
Atez atekoaren kontrako ekinaldiak hasiko ditu EAJk herriz herri Gipuzkoan
GHK-ko arduradunak Bildurekin, EAJrekin eta Aralarrekin bilduko dira datorren astean, zaborren gaia aztertzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu