Atez atekoaren aurkako Legazpiko taldeak herri galdeketa egingo du, hil honen 20an eta 21ean. Galdeketa egiteko asmoa agertua zuen taldeak; egunak jakinarazi ditu gaur.
Gipuzkoan, Usurbilgo Udalak egin zuen herri galdeketa bat, atez atekoari buruz, orain hiru urte. Herritarren gehiengoak babestu egin zuen bilketa sistema hori. Geroztik ez da beste galdeketarik egin.
Legazpiko galdeketa antolatu duen taldearen esanetan, apirilaren 20ko eta 21eko bozketak izango dira "egiazko parte hartze prozesua". Udalak atez atekoari buruz antolatu dituen bilerak "itxurakeria" izan direla salatu du.
Hondakinak atez ate biltzen hasteko asmoa du Legazpiko Udalak ekainean. Herritar gehienak bilketa modu horren aurka daudela uste du plataformak.
Galdeketaren antolatzaileek gaur jakinarazi dizkiote datak alkateari, eta alderdi politikoei aukera eman diete interbentoreak jartzeko egun horretan.