Atharratzek (Zuberoa) ez du osasun etxerik izanen etorkizunean. Zuberoako Herri Elkargoak osasunaren inguruan diharduten lanbideak aterpetu nahi zituen Basaburuko herrian, baina osasun eragile horiek erakargarritasun falta leporatu diote xedeari.
Herri Elkargoak ez du baztertzen xedea geroan egitea. «Gaur egun osasun arloko eragileek ez dute xedea begi onez ikusten eta aldi baterako bertan behera uztea deliberatu dugu», dio Herri Elkargoak. Mendiguneetara osasun arloko lanbideak erakartzea biziki zaila da, eta hori lortzeko, lanbide guztiak bilduko zituen etxea plantan ezartzea nahi zuen Herri Elkargoak, familia medikuak, hortz artatzaileak, kineak, erizainak...
Atharratzeko sendagileak proposaturik, 2008an deliberatu zuten xedea aztertzea. 2009ko maiatz aldera, osasun arloko eragileekin batera balioztatu zuten. Diru aldetik xedearen bideragarritasuna aztertzen hasi direlarik sortu dira ohar eta eragozpenak.
Gaur egun, familiako sendagile bi daude, hortz artatzaile bat, bi kinesiterapeuta eta lau erizain. Arazorik handiena familia sendagileak erakartzea dela dio Herri Elkargoak. «Gazteek nahiago dute ikasketa bereziagoak egin, eta familia sendagilea izatea deliberatzen duten apurrek ez dute mendigunera jin nahi, hirian baino gutxiago irabazten dutelakolan gehiago eginez».
Xedea burutu izan balitz, sendagileek eta hotzgileek 400 eta 450 euro artean ordaindu beharko lukete beren gelak alokatzeagatik. Erizainek, berriz,97 euro ordaindu beharko lituzkete. Alokairu gabe geldituko liratekeen gelak Herri Elkargoak ordainduko lituzke. Orotara osasun etxea egiteko aurrekontua 1.400.000 eurokoa zen. Aurrekontu horren herena abantzu, diru laguntza publikoetatik lortzea espero zuten.
Osasun etxea sortuz gero, Herri Elkargoak osasun arloko langile gehiago erakarri nahi zituen Zuberoara. Batetik, egitura prest atzeman zezaketelako eta, bertzetik, xahutzeak parteka daitezkeelako. Alta, gaur egun egin behar ez dituzten administrazio lanak egin beharko lituzkete eta horrek ofizioan aspalditik dabiltzan profesionalak beldurtzen dituela pentsatzen du Herri Elkargoak. Indarrak eta eskaintzak elkartu ezean langile berriak erakartzea zailagoa izanen dela uste du, baina xedea baztertu gabe.
Atharratzek ez du oraindik osasun etxerik izanen
Zuberoako Herri Elkargoaren xedeari erakargarritasun falta leporatu diote osasun arloko eragileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu