Hasi dira Athleticeko bazkideak klubeko presidente berria aukeratzeko bozkatzen. Goizeko bederatzietan ireki dituzte hautes mahaiak, Bilbon, Ibaigane jauregian, eta gaueko bederatzietan itxiko dute botoa emateko aukera. Kalkuluen arabera, bi ordu beranduago jakingo da nor den presidente berria. Hauteskunde eguna bukatzeko ordubete falta zela (20:00etan), bazkideen %44,85ek boza emana zuten (14.844 lagunek; ordu berean 2004an baino 1.212 bazkide gehiagok).
Athleticeko 30. lehendakaria izateko hautagaiak, hiru: Fernando Garcia Makua, Juan Carlos Erkoreka eta Javier Gonzalez. Hiru horietako batek hartuko dio lekukoa Ana Urkijori. Azken egunetan egin diren inkestek Makua jotzen dute faborito (baita gaur egindakoek ere; EITBrenak %46ko kopurua eman dio). 33.099 bazkide konpromisarioek dute azken hitza. Joan den irailaren 27an Fernando Lamikiz presidenteak dimisioa eman zuen, eta Urkijok ordezkatu zuen. Honek maiatzaren 30ean hauteskundeak deitu zituen.
Hautagai ofizial izateko beharrezkoak ziren sinadurak biltzean, Makuak 3.507 aurkeztu zituen, Erkorekak 3.435 eta Gonzalezek 1.755.
Hiruretan Makuak eman du lehendabizi botoa gaur: 9:40an. Gonzalezek 10:30ean bozkatu du eta Erkorekak 10:50ean. Denek ere "bazkideen parte-hartzea" eskatu dute. Gonzalezek esan du hauek direla Athleticen "inoizko hauteskunderik garrantzitsuenak".
Izan ere, kluba historiako krisi gogorrenetakoan murgilduta dago. Bai kirol arloan, bai arlo ekonomikoan. Gizonezkoen lehen taldeak, kasu, azkeneko partidan eutsi dio denboraldi honetan Espainiako Lehen Mailari.
Futbola
Athleticen hauteskunde eguna bukatzeko ordubete falta zela, parte-hartzea %45ekoa zen
33.099 bazkide konpromisarioek dute botoa emateko aukera. Goizeko bederatzietan ireki dituzte hautes mahaiak, eta gaueko bederatziak arte eman ahal izango da botoa. Hautagaiak: Fernando Garcia Makua, Juan Carlos Erkoreka eta Javier Gonzalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu