Beñat Atorrasagasti Ordoñezek Espainiara ez estraditatzea eskatu dio gaur epaileari Edinburgoko Auzitegian. Eskoziako Poliziak ostiral gauean atzeman zuen Edinburgon bertan, ETArekin lotura duelakoan, Guardia Zibilarekin elkarlanean eginiko operazio batean. Bere etxean atxilotu zuten, 22:00etan. Espainiako Justiziak 1996. eta 2001. urteen artean ETArentzat garraio lanak egitea leporatu dio. Abuztuaren 2an berriz ere deklaratu beharko du.
Bortzirietakoa da Atorrasagasti, eta 36 urte ditu. 2001ean polizia operazio batetik ihes egin zuenetik dago sasian. Mugalari talde bat desegin zuela esan zuen orduan Poliziak. Edinburgon bizi zen aspaldian familiarekin, bizimodu arrunta eginez.
Ezker abertzaleak, atxiloketaren karietara, salatu du Espainiako agintariek konponbide prozesurako "borondaterik ez" dutela.