Sortuk "atsekabe sakona" azaldu du Periko Solabarriaren heriotzagatik. "Tamaina handiko pertsona" izan dela nabarmendu dute, ohar baten bitartez. "Bere bizitza laburbiltzen duen hitz bat hautatzekotan hitz hori konpromisoa izango litzateke; momentu oro Euskal Herriaren aldeko borrokaren apustutik eta independentzia eta sozialismoaren eraikuntzarako tresna hutsa baino ez den Ezker Abertzalearen baitan".
Ezkerreko militante gisa eginiko ibilbidea "mirestekoa" izan dela uste du Sortuk: "Perikok erabat uztartu zituen bizitza publikoa eta pribatua bien arteko koherentziari kontzesiorik egin gabe".
Alternatibak esan du "Euskal Herriko ezkerra umezurtz" utzi duela Periko Solabarriaren galerak: "Nekez etorriko zaigu gogora Perikok partekatu ez duen lubaki, elkarretaratze edo pankartarik". Belaunaldi desberdinentzat "eredu eta lezio" bilakatu dela dio Alternatibaren prentsa oharrak. Izan ere, baztertu, langabe eta etxegabeei babesa eskaini izan die, "sistemak garaitutakoek bere besarkadaren berotasuna sentitu ahal izan dute".
LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Solabarriaren langile kontzientzia nabarmendu du hura hil den egunean. Sindikalismoari eta LABi eginiko ekarpena goraipatu du.
ELAk ere haren konpromisoa goratu du, eta "borrokalari tinkoa" izan dela esan du.
Independentista sareak samina adierazi du Solabarriaren heriotzagatik. Justizia sozialaren, elkartasunaren, berdintasunaren eta askatasunaren aldeko borrokalari "eredugarria" eta "independentista handia" izan dela azpimarratu dute.
CNTk gogoratu du hainbat protestetan egin zutela bat Solabarriarekin, eta berekiko "errespetua" agertu du.
Irabazi eta Ahal Dugu-k haren konpromisoa eta "gizatasuna" nabarmendu dute.