Politika

Atutxa: "AGk gauzak erraztu beharko lituzke, eta indarkeriarekin zerikusik ez dutela azaldu"

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Juan Maria Atutxaren iritzian, Aukera Guztiak hautesle elkarteak argi utzi du giza eskubide guztien urraketen kontra dagoela, baina, hala ere, esan duenez, "mundu horrek gauzak erraztu beharko lituzke, eta 'guk ez dugu indarkeriarekin inolako zerikusirik' esan". Bere irudiko, auzitegiei "presioa egin eta egin eta egin" ari da Espainiako fiskal nagusi Candido Conde Pumpido, gero, haiek, zerrendak baliogabetu "beste irtenbiderik ez izateko".

2005eko martxoaren 23a
14:58
Entzun
Aukera Guztiak elkartea, giza eskubide guztien urraketaren kontra dagoela argi geratu dela dio Atutxak, eta esan duenez, ez da beharrezkoa, espresuki ETAren jarduna gaitzestea. "Gutako bakoitzak gurutzearen aurrean sinatu behar ote du ba halako erakunde terroristaren —kasu honetan ETA— kontra gaudela? Mesedez, horrenbeste ez". Hitzei baino gehiago ekintzei begiratu behar zaiela azpimarratu du. "Egia da, hemen arazo bat daukagu, asko sufriarazi digun arazo bat, eta konpondu egin behar da, baina gisa honetako exijentziekin ez da ezer konpontzen".

Hala ere, "mundu horrek", "indarkeriarekin zerikusirik ez dugu" jakinarazi beharko lukeela esanez amaitu du: "Gu alderdien legearen kontra gaude, baina legea egina dagoenean bete egin behar da. Horregatik, kasu konkretu honetan, mundu horrek gauzak erraztu beharko lituzke, eta 'guk ez dugu indarkeriarekin inolako zerikusirik' esan".

Aukera Guztiak hautesle elkarteari ez diotela aurkezten utziko uste du Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. "Presioa egin eta egin eta egin ari dira, auzitegiei beste aukerarik ez uzteko".

Horretaz gain, Maria San Gili ere zuzendu zaio Atutxa, eta esan dio ez dela zuzena elkarte horren alde sinadura eman duten EAJko afiliatuei kontuak eskatzea, "sinadura emandakoan hautagaiak nor izango diren ere ez delako jakiten". Gainera, sinadura emanagatik ere EAJ-EA koalizioaren alde bozkatuko dutela azpimarratu du. PPri zuzendu zaio, eta esan du: "beraien militanteetako zenbat dira ultra-eskuindarrak, zenbatek dute zerikusia pertsona bat hil zen Madrileko hotel bateko tiroketa ilun harekin?", eta gaineratu duenez, "PP ez da Frankismoaren oinordeko zuzena, baina frankista eta ultra-eskuindar guztiak PPn daude". Horregatik, bakoitzak bere buruari begiratu beharko liokeela dio.

Bestalde, 'Atutxa auzia' deiturikoan, azkenean epaitu egingo dituztela uste du Atutxak. Bere iritzian, auzi horretan epaitu nahi dena ez da SA taldea ez desegin izana, baizik eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiak hartzeko gaitasuna eztabaidan jarri nahi da. Hala ere, ez dituztela zigortuko uste du: "ez dugu inolako deliturik egin, eta beraz, ezin gaituzte zigortu; zigortuko bagintuzte,zentzugabeko injustizia izango litzateke".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.