Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak

Atutxa: "Kanpainan garrantzitsuena euskal agendaz eztabaidatzea da"

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak argi du ez dutela onartuko Espainiako alderdiek elkarrizketarako "gaitasunik eza Euskadira ekartzea", ezta "ezegonkortasun" politikoa ere. "Euskadik indartzen" jarrai dezan, Urkulluk izan behar du lehendakari, Atutxaren ustetan.

Itxaso Atutxa, Onda Vascan egindako elkarrizketan. EAJ
Berria
2016ko irailaren 5a
13:23
Entzun

Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak adierazi du ez dutela onartuko Espainiako alderdiek "ezegonkortasun politikoa eta elkarrizketarako gaitasunik eza Euskadira ekartzea". Horri aurre egiteko, garrantzitsutzat jo du "hemengo gauzez" hitz egitea, alegia, euskal agendaz. "Beste errealitate batean bizi gara; Espainiako politikak ezin du kanpaina beste gai batzuetara bideratu", uste du Atutxak.

Haren esanetan, Espainiako alderdiak "hemen egin behar duguna" esatera datoz, baina, aldi berean, soilik Madrilgo arazoez hitz egiten dute. Horren aldean, EAJk "arlo guztiak" kontuan hartzen dituen egitasmoa du: "etorkizuna, lana, lanpostu gehiago, egonkortasun politikoa, garapen ekonomikoa eta abar". Jeltzaleen lan ildoa eta erakundeen arteko lanak fruituak eman dituela gogorarazi du; "Euskadik indartzen jarrai dezan, garrantzitsua da Urkullu izatea lehendakari".

Autogobernuari buruzko barne akordioa

Jeltzaleen lehendakarigai Iñigo Urkulluk "ezberdinen" arteko barne akordio baten beharra azpimarratu du, estatus politiko berri bat lortzeko. Horregatik, azaldu du ez dela Kataluniaren gisako aldebakarreko bidearen aldekoa. "Euskal identitatearen ezagutza lortu behar dugu, ondoren gizartea kontsultatzeko". Azken pausoa, Urkulluren ustetan, Espainiako Estatuarekin bi aldeko itun bat sinatzea litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.