10:30etan hasi da epaiketaren bigarren saioa. Akusatuak baino lehenago iritsi dira hara, besteak beste, EAJren EBBko lehendakari Josu Jon Imaz, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Izaskun Bilbao eta EAko idazkari nagusi Unai Ziarreta.
Txaloka hartu dituzte auzipetuak. Atzo baino jarraitzaile gutxiago bildu dira gaur, baina indar handiz jo diete txalo barrura sartu direnean.
Prozedurari ekin zitzaionean Fiskaltzak hiru legebiltzarkide ohiak zigortzeko eskatu zuen, baina guztien absoluzioa eskatzen baitu orain. Akusazio partikularra besterik ez da epaituak zigortzearen aldekoa. Manos Limpias elkartearen ordezkari gisa ari den Jaime Alonso abokatua. Defentsa lanetan ari den Alberto Figeroak absoluzioa eskatu zuen, bai eta EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburu Maria Angeles Montesek berak ere.
Atzo hasi zen epaiketa. Inoiz ez dutela desobedientziarik egin errepikatu zuten hiru akusatuek. Mahaiko kide gisa hartu zituzten erabaki guztiak Auzitegi Gorenaren aginduak betetzeko helburuz hartu zituztela. Agindua bete nahi ez izatearen akusazioaren aurrean, hori bete nahi izan arren hartarako ezintasuna argudiatu zuten.
'Atutxa auzia'
Atutxak Espainiako Gorenak agindutakoa betetzeko ahaleginak egin zituela berretsi du Egibarrek
Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJren taldeko bozeramaileak epailearen aurrean agertu duenez, Espainiako Auzitegi Gorenaren agindua betetzeko eta SA Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko ahalegina egin zuen Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohi desobedientziagatik auzipetuak. Egibarren arabera, berak Bozeramaileen Batzordean SA desegiteko agindua erraz zezakeen ebazpen baten alde bozka zezan konbentzitzen saiatu zen Atutxa. Lekukoak ari dira deklaratzen gaur 'Atutxa auzian'; hau da, SA desegiteari uko egin ziotelako desobedientziagatik epaituak izaten ari diren Juan Mari Atutxa (EAJ), Gorka Knörr (EA) eta Kontxi Bilbaoren (EB) aurkako epaiketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu