Atutxa auzia

Atutxak, Knörrek eta Bilbaok Auzitegi Konstituzionalera jo dute, eta epaia baliorik gabe uzteko eskatu diote

Auzitegi Gorenak lehengo astean jakinarazi zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide ohiei jarritako zigorra; 2003an Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldea "nahita" ez desegiteko erabakia hartu zutelako zigortu ditu.

2008ko apirilaren 22a
14:31
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak lehengo astean jakinarazitako zigorrarekin ados ez daudenez, Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao Eusko Legebiltzarreko 2001-2005 legealdiko Mahaiko kideek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo dute -babes helegitea jarri dute-, eta epaia baliogabetzeko eskatu diote. Baita erabakia hartu bitartean epaia ez betetzeko ere.

Atutxa (EAJ), Knorr (EA) eta Bilbaoren (EB) kontrako falloa urtarrilaren 21ean jakinarazi zuen Gorenak, baina lehengo asteazkenean atera zuen sententzia, 91 orrialdekoa. 2003an Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldea "nahita" ez desegiteko erabakia hartu zutelako zigortu ditu, "desobedentzi delitua" egiteagatik: 18 hilabeteko inhabilitazio zigorra eta 18.000 euroko isuna jarri dio Atutxari, eta 12na hilabeteko inhabilitazio zigorra eta 12na mila euroko isuna Knörri eta Bilbaori.

EAEko Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zituen haiek, baina herri akusazioen helegiteen bidez Gorenera heldu zen kasua.

Manuel Marchena Goreneko epaileak Jesus Cardenal fiskal nagusi izandakoarekin "eskuz esku" lan egin zuelako eskatu du zigortuen defentsa Alberto Figueroak epaia baliorik gabe uztea. Cardenal izan zen Eusko Legebiltzarrak SA ez desegiteagatik auzia hasi zuena.

Atutxak gaur esan duenez, "denborak bakoitza bere tokian jarriko du", eta errugabeak direla aldarrikatu du.

"Ez genuen desobedientziarik egin, eta ez gara gaizkileak, ez genuelako deliturik egin. Orduan ezin genuen besterik egin. Duintasun pertsonalari eutsi genion, baita Eusko Legebiltzarraren duintasun instituzionalari ere". Bilbaok adierazi du "burua goian" dutela bukatuko dutela. Knörr ez da agerraldian izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.