Eusko Legebiltzarraren eraketa

Atutxaren eta Buenen berdinketa hautsi ezinik, bihar arte atzeratu dute Legebiltzarreko Mahaiaren osaketa

33na boto jaso dituzte Eusko Legebiltzarreko presidente izateko Juan Mari Atutxa EAJ-EA koalizioaren hautagaiak eta Miguel Buen PSE-EErenak. Hirugarren bozketa horretan gehiengo sinplea nahikoa zen, baina berdinketa gertatu da. Atutxak koalizioaren, EBren eta Aralarren babesa jaso du; PSErena eta PPrena Buenek. EHAK-k zuri bozkatu du. Bihar egingo da berriro osoko bilkura berdinketa apurtze aldera. Izan ere, araudiak ez du aurreikusten halako egoerarik, eta Adineko Mahaiak bihar prozedura berarekin bozketa errepikatzea erabaki du.

2005eko maiatzaren 16a
18:13
Entzun
Legebiltzarreko araudiaren arabera, Adineko Mahaiakhiru bozketa dei ditzake. Aurreneko bietan gehiengo absolutua behar da presidentea aukeratzeko; hirugarrenean, gehiengo sinplea nahikoa da. Hala ere, araudiak ez du aurreikusten hirugarren bozketa horretan berdinketa gertatuz gero zein den jarraitu beharreko prozedura.

Horregatik, Adineko Mahaiak zortzigarren legegintzaldiko Legebiltzarraren osaketa bihar arte atzeratzea erabaki du, eta gaurko prozedura bera errepikatuko dute, ordu berean. Halaber, parlamentuko zerbitzu juridikoen laguntza eskatu dute arazoari zein irtenbide eman iker dezan.

Lehen bozketan EHAK-k ez ezik, Aralarrek ere zuri

Aralarrek bigarren bozketatik aurrera Atutxaren alde egin badu ere, aurreneko txandan zuri bozkatu du alderdi horretako legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok EHAK-ko bederatziak bezala. Ondorioz, lehen bozketa horretan Buenek Atutxak baino aldeko boto bat gehiago jaso du (33 Buenek, 32 Atutxak eta 10 zuri).

PSE-EEk gaur goizean erabaki du MIguel Buen Gipuzkoako idazkari nagusia aurkeztea Mahaiko presidente izateko. 18 urtez Errenteriko (Gipuzkoa) alkate izan da Buen. Ez daki euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.